Eskualdeko hiru pilotari, Euskal pilota selekzioarekin Belgikan

Aiurri 2025ko ira. 4a, 13:20

Euskal Pilota Selekzioak Europako Junior Pilota Txapelketan hartuko du parte, irailaren 4tik 6ra artean, CIJB (Confédération Internationale du Jeu de Balle) erakundeak antolatuta, Belgikako Ath hirian. Aiztondo eskualdeko hiru pilotari gazte daude bertan. 

Euskal Pilota Selekzioak parte hartuko du irailaren 4tik 6ra artean Europako Junior Pilota Txapelketan, CIJB (Confédération Internationale du Jeu de Balle) erakundeak antolatuta, Belgikako Ath hirian. Hau izango da txapelketaren laugarren edizioa, eta sei herrialdek hartuko dute parte: Italia, Belgika, Herbehereak, Frantzia, Valentzia eta Euskal Pilota Selekzioa.

Txapelketa hiru espezialitatetan jokatuko da: Wall Ball, Llargues eta Joko Internazionala.
Wall Ball espezialitatean Sub15, Sub17 eta Sub19 mailak izango dira, eta Llargues eta Joko Internazionala maila bakarrean jokatuko dira: mutiletan 5x5 eta nesketan 4x4.

Wall Ball: hormaren aurka jokatzen den joko ez zuzena da, binaka edo bakarka. Partidak bi setetara jokatzen dira, 21 tantotara; berdinketa egonez gero, hirugarren seta 11 tantotara. Gomazko pilota batekin jokatzen da.

Llargues eta Joko Internazionala: joko zuzena duten modalitateak dira, gure Bote Luzea bezala. Mutilen kategorian, taldeak 5 pilotariz osatuta egongo dira (5x5), eta nesken kategorian, 4 pilotariz (4x4). Puntuaketa 15-30-40 eta jokoa da, eta partidako irabazleak 6 joko irabazi behar ditu. Joko zelaia eta pilota aldatzen dira modalitatearen arabera.

Hauexek dira Aiztondo bailaratik Belgikara joan diren pilotariak: 

  • Unai Zufiria Mayoz
     Villabona (Gipuzkoa) —  Behar Zana
  • Xuhar Iparragirre Aburuza
    Aduna (Gipuzkoa) —  Behar Zana
  • Intza Arruti Lertxundi
    Zizurkil (Gipuzkoa) —  Ziotza

Bestalde, Iñaki Esnal larrauldarra ere joan da, Joko Zuzenetako hautatzaile gisa.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!