Euskara ikasteko aukera, zabalik

Alba Cabrera Jauregi 2025ko ira. 8a, 08:22

Eskualdeko euskaltegietako ordezkariak, familia-argazkian, aurreko astelehen eguerdian.

Ikasturte berriari ekitear dira Buruntzaldeko euskaltegiak: eskaintza zabala bermatu ez ezik, ikasketa-prozesua ekonomikoki babesteko aukera ere badakarte. Egunotan abiatuko da matrikulazio-kanpaina.

Udako oporraldi epeletik lur hartu berritan, ikasturte berria hasi aurretik, amu ederra bota dute eskualdeko euskaltegiek. Urtero legez, euskaran trebatzeko aukera zabala bermatuko du aurten ere Buruntzaldeak, sei herrietan kokatutako zortzi euskaltegiekin: bina Lasarte-Orian nahiz Hernanin; bana, berriz, Andoainen, Astigarragan, Urnietan eta Usurbilen.

Astelehenetik ostiralera, goizez zein arratsaldez. Bakoitzaren doinura zein neurrira egokitutako abaniko zabala eskaintzen dute AEK-k zein Udal Euskaltegiek. Hutsetik hasita, maila altuenetara bitarte, belarria fintzeko eta mihia zorrozteko aukera daukate herritarrek, izan aurrez aurreko klaseetan, izan autoikaskuntza modalitatean.

Ikasketa-prozesua samurtzeko asmoz, gainera, azken hilabeteetan, konpromiso handiagoa hartu du administrazioak, dirulaguntzen zenbatekoa biderkatu eta bidea ekonomikoki gehiago babesteko xedez: eskualdeari begira, nahiz eta herri batetik bestera kopurua aldatu, guztiek bermatzen dute gutxieneko laguntza ekonomikoa, baita, kasu batzuetan, matrikularen ehuneko ehuna berreskuratzeko aukera ziurtatu ere. Gainera, hainbat kolektibok dirulaguntza osoa edo zati bat aurreratzeko ere eskatu dezakete.

Hori horrela, eskualdeko udalek azken urteetan hartu duten erantzukizunaren ildo beretik doa Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea, izan ere, haren eskutik bada-eta ikasketen zati bat ordaintzerik, baldin eta ezarritako maila edota baliokidea eskuratzen badu ikasleak. Besteak beste, berrikuntzen artean, HABEk asmo berria iragarri du, irailetik aurrera: litekeena da A2 oinarrizko mailan izena ematen duen pertsona orok ia doan egin ahal izatea matrikula. 310 euro ordaintzetik 70 eurora igaroko litzateke, gutxi gorabehera.

Euskara ikasteko dirulaguntzak

HABEk dirulaguntza lerro desberdinak dauzka une honetan:

Maila gainditu edo egiaztatu duten ikasleei dirulaguntzak: egiaztatutako mailaren araberako zenbatekoa.

  • A1 maila: 600 euro
  • A2 maila: 800 euro
  • B1 maila edo baliokidea: 900 euro
  • B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro
  • C1 maila, 1995ean edo ondoren jaiotako ikasleentzat: 700 euro
  • C1 maila, 1994an edo aurretik jaiotako ikasleentzat: 150 euro
  • C2 maila: 100 euro
  • A1 maila ikasten duten ikasleei dirulaguntzak: matrikula murriztua ordainduko dute, 0,60 euro orduko.
  • C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak: matrikula murriztua ordainduko dute, 0,20 euro orduko.

Tokian tokiko administrazioaren laguntzak:

Araututa daude, eskualdeko udalerrietan, euskara ikasteko laguntza-lerroak eta, Òabardurak Ñabardura, ezaugarri beretsukoak dira. Interesatuek udaletxean topatuko dute informazio osoa.

Aukera zabala Beterri-Buruntzan

ANDOAIN

Andoaingo AEK

Plazaola, 2. 943 591 704. andoain@aek.eus.

LASARTE-ORIA

Muntteri AEK Euskaltegia

Geltoki kalea, 17 behean. 607 625 233. lasarte@aek.eus.

Lasarte-Oriako Udal Euskaltegia

Bekokale bidea, 1. 943 361 621. euskaltegia@lasarte-oria.eus

HERNANI

Hernaniko AEK

Larramendi, 11. 607 592 864 / 688 746 640. Zilegi eskola: 663 043 314. hernani@aek.eus.

Hernaniko Udal Euskaltegia

Karobieta, 63. 943 331 896. euskaltegi@hernani.eus.

USURBIL

Etumeta AEK Euskaltegia

Kale Nagusia, 43 behean. 607 609 379. usurbil@aek.eus.

ASTIGARRAGA

Astigarragako AEK

Kultur etxea. Nagusia, 48. 607 610 687. astigarraga@aek.eus.

URNIETA

Urnietako AEK

San Joan, 42. (Elkarteen etxea). 662 338 747. urnieta@aek.eus.

Dirulaguntzak

https://euskara.buruntzaldea.eus/dirulaguntzak/

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!