Harrera-familia baten zain dira adin txikiko hainbat haur

Aiurri 2025ko ira. 11a, 07:51

Lucia Saiz urnietarra larrialdiko harrera-familia ordezkaria, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua eta Maitane Carcamo Familia-Harrerako eta Adopzioko atalburua, aste honetan egindako agerraldian.

Harrera-familien premia dago Gipuzkoan. Foru Aldundiak datu bidez neurtu du behar hori: une honetan, 0 eta 3 urte bitarteko 10 haur artatu ditzaketen familiak behar dira. Adin-tartea 6 urtera arte zabalduz gero, 18 adintxikikok behar dute; beraz, 28 dira, guztira, larrialdiko familia behar duten haurrak.

Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak aste honetan egindako agerraldian nabarmendu duenez, familia-harrerak funtsezkoak dira adintxikiko horien ongizatea bermatzeko. Guztira, Foru Aldundiak 885 adintxikiko tutoretzen ditu; horietatik 556 zentroetan bizi dira eta 329 harrera-familiekin daude. Diputatuak nabarmendu zuenez, "harrera-familiak Gipuzkoako balio onenen eredu dira: etxeko ateak irekitzen dizkiete behar duten haur eta nerabeei. Komunitate solidario eta arduratsua gara, pertsona ahulenak babesteko antolatzen dena. Haurren ongizatea bermatzea da gure lehentasuna". Era berean, diputatuak bereziki eskertu zuen programan parte hartzen duten familien lana: "Ez da beti erraza: erronkak, zalantzak eta beldurrak daude, baina baita ilusio, ausardia, maitasun eta konpromiso handia ere. Horrek guztiak ezin hobeto definitzen du harrera-familia izateak esan nahi duena".

Informazio osagarria

Harrera-familia programari buruz gehiago jakin nahi duten herritarrek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar daitezke 682 554 433 telefono zenbakira deituz edo gipuzkoa.eus webgunea kontsultatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!