Ibaitik Itsasora

“Konta ezin ahala une hunkigarri bizitzen ari gara Palestinaren aldeko ibilaldian”

Eli Errondosoro 2025ko ira. 13a, 08:00

Faltzesetik Tafallarako bidean, Abderraman II monolitoan, ibilaldiko parte-hartzaileak

Palestinaren alde eta genozidioaren, okupazioaren eta apartheidaren salaketa aktiboa zabaltzeko abiatu zen Tuteratik, aurreko ostegunean, “Ibaitik Itsasora” ibilaldia. Irailaren 20an, larunbatarekin, Hendaiara iritsiko da giza-martxa, Nafarroa mutur batetik bestera zeharkatu ostean. 

Eli Errondosoro andoaindarra ibilaldiko parte-hartzaileetako bat da, eta bertatik bidalitako kronikatxoak jasoko ditu Aiurri.eus guneak.

Hona bere lehendabiziko kontakizuna:

“Nafarroa Garaiko hegoaldean kokatzen den Castejonen batu nintzen ibilaldira, joan den asteazkenean; goizez hasia zen martxa, Tuteran. Egia esan, geroztik kontaezinak dira bizi izan ditugun une hunkigarriak. Gizarteko zati handi bat Palestinako herria jasaten ari den injustiziarekin oso sentibera dagoela eta ezinegon hori kalean erakusteko gogoa daukala erakusten digute bapateko erreakzio horiek, zalantzarik gabe. 

Oraingoz, hogei bat lagun gara ibilaldian modu finkoan parte-hartzen ari garen pertsonak; ehunka dira, berriz, martxarekin bat egiten dutenak uneren batean edo bestean, herri batetik bestera oinez egin behar diren kilometroak osatzeko asmoz.

Ibilaldian barrena aspertzeko betarik ez dagoela esan daiteke. Emozioak gainezka jartzen zaizkigu tarteka, bidean topatzen ari garen elkartasun keinu ugariak direla medio. Gazako biztanleak etengabe jasaten ari diren basakeria egiten zaigu presente keinu bakoitzeko, eta ez da samurra bizipen hori, nolanahi ere.

Emozioak, esan bezala, gainezka egin zuen atzo Azkoien eta Tafalla artean. Ibilbidean dauden 26 kilometrotan bertako herritarrek hainbat elkartasunezko ekintza egin zituzten. Azpimarratzekoak dira, batik bat, Tafalla herrira hurbildu ahala pilatu zirenak.

Esate batera, burrunba latza piztu zuten errepidetako kamioilarien edo Tafalla atarian egoitza duten suhiltzaileen klaxonek; ederki asko astindu zituzten bandera zuri-gorri-berde-beltzak ikastetxeetatik atera berriak ziren ikasle gazteek; Palestinaren aldeko ehunka herritar soilen animoak ere ozen entzun ziren…

 

Behin Tafalla herrian barrena, sinbologiaz beteriko ekitaldi xumea antolatu zuten parke batean. Hain zuzen, Palestinako zein Nafarroako nekazarientzat horrenbesteko esanahia daukan olibondoaren landatzea burutu zuten, elkar hartuta, Nafarroan bizi diren zenbait emakume palestinarrek eta Palestinaren aldeko zenbait nafarrek. “Zuenean eta gurean olibondoak oso sustrai sakonak ditu; lurrera itsatsita bizi garen seinale” adierazi zuen emakume palestinar batek.

 

Tafalla herrian atzo egindako egonaldian, gogoangarria ere bada udaletxean alkateak eta udal ordezkariek "Ibaitik Itsasora" ibilaldiari zer nolako errespetuarekin egin zioten ongietorria.

Arratsaldean, manifestazio jendetsua burutu zen Tafallako kaleetan barrena. Tafallarren eskuzabaltasunaren erakusgarri ere izan liteke, hogei eta bost familiek beren etxeko ateak ireki izana, bertan gaua igaroi genezan.

Bezperan Castejoneko kiroldegiko lurrean lo egin ostean, nire gorputzeko hezurrek eskertu dute Tafallako familia solidario batek eskainitako ohe goxoa. Horrela, esnatu, gosaldu, jarritako hitzordura bildu, eta laugarren etapari ekin diogu goizetik, Tafallatik Orbaibar (Baldorba) haranean kokatzen den Soltxaga herrira bitarteko ibilaldiari. Ea zer dakargun egunak!”.

Egunez egun, "Ibaitik Itsasora" ibilaldia:

  1. etapa. Asteazkena 9/10-Tutera-Castejón. Ebro ibaiaren irteera Tuteran. Salaketa Trenasa Castejonen. 16 km, 4 ordu.
  2. etapa. Osteguna 9/11-Castejón-Azkoien. 22 km, 5 ordu.
  3. etapa. Ostirala 9/12-Azkoien-Tafalla. 26 km, 6 ordu.
  4. etapa. Larunbata 9/13-Tafalla-Soltxaga (Baldorba), 14 km, 4 ordu.
  5. etapa. Igandea 9/14-M. Torres (Elorz)-Noain-Iruñea-Antsoain. 20 km, 4 ordu.
    Manifestazio handia Iruñeko kaleetan zehar. Bazkaria eta egitaraua, Antsoainen.
  6. etapa. Astelehena 9/15-Antsoain-Larraintzar. 19 km, 5 ordu.
  7. etapa. Asteartea 9/16-Larraintzar-Doneztebe. 26,9 km, 6 ordu.
  8. etapa. Asteazkena, irailak 17, Doneztebe-Elizondo. 14 km, 3 ordu.
  9. etapa, Osteguna 9/18-Elizondo-Bera, konfirmatu eza.
  10. etapa. Ostirala 9/19-Bera-Irun. 20 km, 4 ordu.
  11. etapa. Larunbata 9/20-Irun-Hendaia. 5 km, 2 ordu. Itsasora iristeko azken manifestazioa.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!