Tafallatik Soltxagarako bidea egin zuen ibilaldiko 4. etapak larunbatean; igandean, berriz, Antsoain bitarte luzatu zen 5. etapa.
Zeharkatu zituen herri guztietan, izan txikiak izan handiak, zirraragarriak izan dira errepidearen bi aldeetan jarritako ehunka pertsonen txaloak eta animuak, eta batik bat, Palestinaren aldeko oihuak.
Zenbait herrietan, bertako herritarrak, okasiorako antolatu, eta ahal duten guztia jarri dute beren aldetik harrera gozoa eta sentibera izan zedin. Azpimarratzekoa ere izan da dantza taldeek, musikariek, suhiltzaileek, sukaldariek... egin nahi izan dute ekarpena.
Soltxagan (Orbaibar) eta Antsoainen prestatu zituzten herri bazkariek ehunka pertsona erakarri zituzten, eta horietan eduki genuen aukera batzuekin eta besteekin patxadan mintzatzeko. Horrela, bati baino entzun genion, nola probestu duten Palestinaren aldeko ibilaldia elkarrekin batzeko eta ekimenak antolatzeko, izan harrera martxari, izan manifestazioa, izan kontzertua edo dantza saioa…
Denen sentsazioa ere antzekoa da, alegia, luzaroko borroka dela genozidioaren salaketa, ez dela ibilaldiekin edo manifestazioekin konponduko gatazka inondik ere, nahiz eta horiek kausarentzat lagungarri izan. Nolnahai ere, batik bat, baliagarriak izan daitezkeela mezu xume bat helarazteko palestinarrei: gogoan dauzkagula, alegia. Iruñeko kaleetan atzo egin zen manifestazio jendetsuan, gure eskualdeko (Andoain, Villabona, Tolosa, Hernani…) ezagun eta lagun ugari ikusi nituen.
Horietako zenbaitekin mintzatzeko aukera eduki nuen, eta irudipena daukat ibilaldia Hendaia aldera iristen denean, larunbatean, ezin jendetsuagoa gertatuko dela. Hala bedi!!
Salaketa zuzenak, bidean
Salaketa zuzenak egiteko tarteak ere eduki ditu ibilaldiak egunotan. Era horretan, eta Boikotaren, Desinbertsioaren eta Zigorren (BDS) aldeko mugimendu globalarekin bat eginez, mendebaldeko enpresa, gobernu eta erakundeek Israelekin daukaten konplizitatea salatu nahi izan da bidean barrena.
Esate baterako, Dorre Noain Elortzibarko kontsejuan kokatzen den MTorres enpresaren aurrean elkarretaratzea egin zen, Israelgo industria militarrarentzat lan egiten duelako. Iruñean, berriz, bi protesta burutu ziren; Osasunbidea Nafarroako osasun publikoko zerbitzuaren egoitzaren aurrean bata, Israelgo Teva farmazeutikari produktuak erosten dizkiolako; eta, Inditex multinazional espainiarraren marka den Zara komertzioaren aurrean bestea, azken aldian sakontzen ari delako Israelgo erregimen genozidarekin dauzkan lotura ekonomikoak.
Zenbait bideo, aurrera joan ahala
Ibilaldiko zenbait parte-hartzaileek bidean mugikorrekin egindako argazkiak eta bideoak kalitatez primerakoak ez izan arren, dokumentu baliagarriak gerta daitezke ideia bat hartzeko ekimen ibiltariaren gainean (kronika honetan agertzen diren argazkiak eta bideoak, antolatzaileek sortutako kanalean ikus daitezke):
Hona zenbait:
* MTorres enpresaren aurrean egindako elkarretaratzea:
* Iruñerako bidean, zenbait une: