Berriogoiti herritik ekin genion “Ibaitik Itsasora” ibilaldiaren seigarren etapari, atzo. Handik 25 bat kilometrora dagoen Larraintzar herrian jarrita zegoen helmuga, Ultzama bailaran.
Egia esan, asteburua Iruñean eta inguruko herrietan igaro ostean, astelehen goizean, Berriogoititik abiatzerakoan, egun lasaia, erlajatua, bihotz-hunkitze gutxiko etapa izango genuela, horixe pentsatuta irten ginen. Baina keba, usteak erdia ustel ez, osorik baizik! Berriro ere baieztatu ahal izan genuen zenbat eta txikiagoa izan zeharkatu beharreko herriak, orduan eta sentikorragoak gertatzen ari zaizgula gizarte zibilaren berotasuna. Oinarrizko sentimendua baita Gazan gertatzen ari den genozidio telebisatuak sortzen digun tristura eta amorrua, ahal dugunean plazaratzeko nahia.
Ehun biztanlera iristen ez den Gelbentzun, esate batera, jende mordoska geneukan zain, txalapartaren, trikitiaren, irrintzilarien doinupean, eta Palestinaren aldeko garrasiak etengabe zabaltzen zituztela eztarrietatik. Bidean aurrera eginda, Larraintzar herrixkan ere, adin guztietako herritarrekin ez ezik, bailarako DBHko ikasleak biltzen dituen ikastetxeko komunitate guztiak egin zuen bat martxarekin.
Aparteko ilusioa egin zigun bailarako agintariek eta herriko kultur eta gizarte eragileek harrera ofiziala eta ohorezko aurreskuak eskaini eta gero, nola azaldu ziren makina bat ikasle, Palestinaren banderak eta pankartak eskuetan zituztela. Txalogarria gaztediaren jarrera gizatiarra!
Ezertarako balio ote dute?
Ibilaldian murgilduta goazela, nahikoa izaten dugu errepideko egunerokotasunari eustea. Nolanahi ere, eduki ohi ditugu tarteak geure artean honekin eta harekin hizt aspertuetan murgiltzeko. Tarteka, atera ohi zaigu galdera aidean, “ezertarako balio ote dute injustizien kontrako manifestazioek, elkarretaratzeek, ibilaldiek eta edozein motatako elkartasun ekitaldiek…?”.
Baiezkoan gaude, jakina, ez ginateke halako ekimenetan murgilduko bestela. Keinu edo ekintzari txikiena ere, kausa justu baten alde bada, beti izan behar duela ongietorria. Espainiako Vuelta igaro den lekuetan (Girona, Erronkari, Bilbo, Asturias, Galiza, Madril…), gertatu den protesta pilari begira jartzen bagara, ohartzen gara Gironan “lau katu ero" izan zirela lehenbiziko ekintza burutu zutenak errepidean, Israelgo taldearen ibilbidean. Poliki-poliki eta egunez egun joan da handitzen gizarte zibilaren erreakzioa, kirolaren eskutik Israelgo estatu genozidaren zuritzea salatzeko.
Richard Weyndling bidaidea
Eguneroko bidelagun finkoen artean, denak ere pertsona oso interesgarriak direla iruditzen zaizkit. Nork bere biografia eta historiala dauka, eta horietako bakoitzarekin hitz aspertu batean murgilduta zoazela ikaragarri ikasi dezake batek. Horietako bat da Richard Weyndling irakasle eta kazetari eskoziarra.
“Ibaitik Itsasora” ekimenaren bultzatzaileetakoa dela jakin dudanean, izenaren gainean galdetu diot, ea ba ote duen sinbologiarik berarekin. Baietz erantzun dit, Palestinarren eskubide historikoen aldeko mugimenduan asko erabiltzen den leloa dela “ibaitik itsasora”, Palestinaren berezko lurralde historikoa identifikatzeko asmoz; hain zuzen, Jordan ibaiaren eta Mediterraneo itsasoaren arteko eremua (Israel, Zisjordania eta Gaza dauden tokia). Azken batean, pertsona musulmanak, kristauak eta juduak (guztiak palestinarrak) bizi diren lurralde historikoa jasotzen du adierazpen horrek. Beraz, hortik letorke Palestinaren askatasunarekin lotzen den esaera Euskal Herrira ekartzea, eta Ebro ibaitik Kantauri itsasorainoko ibilbidea antolatu izana.
Zenbait bideo:
* Gelbentzu herrira sarrera:
* Ultzamako udal ordezkarien eta gizarte eta kultur eragileen ongietorria:
* Larraintzarko DBHko ikasleak harreran: