Hernioko uztai sendagarrien misterioa

Xabier Lasa 2025ko ira. 20a, 08:27

Gurutze Zarra eta bere ezkerreko besotik zintzilik, lau uztai ustez sendagarriak.

Badute fama galanta mendizaleen artean, Hernio bidean, Gurutze Zarra-n zintzilik dauden uztai ustez sendagarriek. Uztaietako batean grabatuta, "Andoain", "29-8-1956" eta hiru izen ageri dira: Ramon Gantzarain, Antonio Etxeberria eta Felix Aranburu.

Herniorako azken kalbario bidean, Erniozaleak-en aterpetik gertu dagoen gurutzetik zintzilik, burnizko lau uztai topa daitezke, aspaldiko urtetan. Materialari erreparatuz gero, baliteke lau horietatik hiru -zaharxeagoak-, egile berberak jarri izana; berrixeagoa da laugarrena. Antzeko hiru uztaietatik, batek, informazio ugari ematen digun inskripzioa dauka itsatsita: “Andoain, Hernio”, “29-8-1956” gehi hiru mendizale andoaindarren izenak. Hain zuzen, Ramon Gantzarain Ortuzar (Andoain, 1893), Antonio Etxeberria Leon (Andoain, 1914) eta Felix Aranburu Galdos (Legorreta, 1911) dira horiek.

Datari kasu eginez gero, Hernion 1956ko San Juan Txiki egunean, abuztuaren 29an, asteazkenarekin, egin zuten ekintza.

Felix Aranburu, uztaien egileetako bat (©Sekundino Etxeberria)

Datu zehatz horietatik haratago, ez zaigu erraza egiten beste zenbait xehetasun argitzea, uztai horren eta besteen gainean. Esate baterako, andoaindarrek ipinitakoak ote diren hiru uztai horiek. Edota, hirukoteak 1956an ekinaldia egin aurretik, izan ote zen hor uztairik; hirukoteak ezarri ote zuen uztaien ohitura, alegia. Azken galdera horri erantzuten saiatze aldera, eta hipotesi gisa behintzat, ezin dezakegu baztertu hala izan ez zenik. Hipotesi horren alde jo dezake agian, jakiteak Hernioko gailurreko 11 metroko gurutzea, bederatzi urte lehenago jarri zutela Aia, Asteasu eta Errezilgo Luisen Kongregazio katolikoko gazteek, eta ziurrenik ere, garaitsu horretan hasi zirela beste hainbat gurutze jartzen han-hemen Hernioko gainan. Izan ere, ez baita ahaztu behar Leon XIII. Aita Santuak 1899ko Entziklikaren bidez mendi gailurretan gurutzeak ipintzearen kontsigna zabaldu zuela, eta hurrengo hamarkadetan joan zela ohitura hori hedatzen munduko katoliko askoren jardunean.

Bestalde, ez dago gaizki jakitea ere, iraganean, Gurutze Zarra egon zela zutik gailurrean, eta tximista batek bitan zatitu zuela. Hautsitako bi zatiak behe aldera ekarri (egun dagoen tokira), eta bertan elkarri erantsi egin zituzten. Esan daiteke ziurrenik, egungo gurutze handia tontorrean jarri zutenek, Gurutze Zarra ordezkatu nahi izan zutela.

Usteak uste, nahiko argi egon daiteke Andoaingo hirukoteak uztaien usadioari jarraipena eman nahi izan ziola 1956an, aurretik egon ziren uztaiak jada falta zirelako.

Harrezkero, 69 urtez iraun du gurutzetik zintzilik dagoen eta inskripzioa daraman uztaiak (eta baita beste biak ere harekin batera, akaso). Horrenbestez, hirukoteak nahi zuena, lortu du, luzez lortu ere, egia esanda.

Ramon Gantzarain eta Antonio Etxeberria, elkarrekin egin zituzten mendi-txangoetako batean, atsedena hartzen (©MIREN GANTZARAIN)

Aspalditxo joan zitzaizkigun hirurak, eta lastima da, berandu baikabiltza galdezka joateko, ea zertan ibili ziren. Beren zenbait oinordekoei (Miren Gantzarain, Pedro Mari Aranburu eta Pedro Mari Etxeberria) egin zaie kontsulta, baina aitortu digute ezezaguna egin zaiela orain arte uztaien istorio hori; etxean ez omen zuten ekintzaren gaineko hitzerdirik sentitu sekula.

Eskola zaharreko mendizale porrokatuak

Uztaien gaineko informazio zehatzik eman ez badigute ere, oinordeko horiek adierazi digute mendizale porrokatuak zirela beren aitak, Hernio-zaleak besteak beste, eta sinesgarria egiten zaiela halako ekimena burutu izana beren kasara. Bi datu argigarri ere erantsi dizkigute: inskripzioak egitea zen Gantzarainen eginkizuna brokak ekoizten zituen Laborde lantegian; Etxeberria, berriz, egurrezko pertsianen burnizko markoekin aritzen zen lanean, Moleda lantegian. 

Horien izaera mendizaleari erreparatzen badiogu, autorik edo beste garraiorik apenas zeukatenean mendizaleei mendi-gailurretara hurbiltzea erabateko abentura bilakatzen zitzaieneko garaiak gogorarazten dizkigute. Hiruek tarteka egin ohi zituzten zenbait irteera, mendizaletasuna bizitzeko era autentiko horren adierazgarritzat jo ditzakegu: igandean ordu txikietan jaiki, eta bizikletan Iribas herriraino (Nafarroa) abiatzen ziren; han, bizikletak ezagun baten etxean utzi, eta Aralarreko San Migel santutegira nahiz inguruko gailurretara jotzen zuten, oinez; ilunabar-gauerako itzuli ohi ziren etxera, bizikletan, noski.

Balentria handiagoak ere eginak omen ziren, nonbait. Behin edo behin, Ramon Gantzarainek eta Antonio Etxeberriak, Pirinioetara egin omen zuten txangoa, nola eta bizikletan, bai Huesca aldera eta baita Frantziako Gavarniera ere (Tourmalet portu mitikoa igo eta guzti!).

Nolanahi ere, abentura sakonak aipatzen hasita, ezin ahaztu dezakegu hirukoteak gozatu ez baizik eta sufritu behar izan zuena, urte batzuk atzera, 1936ko kolpe militarra eta ondorengo errepresio frankista zela-eta. Hain zuzen, Gantzarainek Burgoseko kartzelan lau urteko zigorra bete behar izan zuen; Etxeberriak eta Aranburuk, berriz, bizpahirukoa kontzentrazio zelaietan, Euskal Ejertzitoarekin borrokan jardun ostean. 1936ko gerrak erabat markatu zituen garai hartako gehienentsuenak, eta erabateko pisua eduki ohi zuen biografia pertsonaleko datu horrek, adiskideak egiteko eta konplizitateak saretzeko orduan; hirukotearen adibidea egokia izan liteke, alde horretatik.       

Uztaien ahalmen sendagarria

Auskalo noiztik datorkigun Gurutze Zarra-ko uztaien ahalmen sendagarriaren mito, tradizio edo kondaira. Hori bai, sinismenen eta fedearen munduan sartzen garenean, diskusio gutxi! Nor libre da nahi duena sinesteko, eta batik bat, nahi duena egiteko uztai horiekin..., zeuden tokian uzten diren bitartean.

Hernioko uztai horiei egozten zaizkien ustezko ahalmenen gainean behintzat, badira ahotik belarrira jasotako makina bat teoria.

Uztai batean garbi irakur daiteke nortzuk eta nongoak diren egileak, baita noiz egin zuten ere (©Aiurri)

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 677 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!