Ibaitik Itsasora

Ultzamatik Malerrekara eta Baztanera, Palestina beti gogoan

Eli Errondosoro 2025ko ira. 19a, 09:33

Ultzama bailaratik Malerreka eta Baztango bailaretaraino, 7. eta 8. etapak osatu genituen asteartea-asteazkenean, palestinatarren zapaldutako giza eskubideak aldarrikatzeko. Nafarroako gizartearekin lotura zuzena duten hiru hausnarketa azpimarratuko nituzke bi eguneko saio horien ostean: Mendi Federazioaren inplikazio txalogarria, Gazan gertatzen ari de giza sarraskiarekiko gaztediaren kontzientzia-hartzea, eta, Nafarroako herrixketan auzolanak dauzkan sustrai sendoak.

Ultzama bailarako Eltzaburu herrixkatik abiatu ginen asteartean, 27 kilometroko mendi ibilaldia egiteko asmoz. Helmuga, Doneztebe (Malerreka bailara).

Nafarroako Mendi Federazioak antolatu zuen mendi txangoa, Leurtzako urtegitik eta pagadi zoragarritik barrena. Antolatu ez ezik, mendizalez jositako bi autobus ekarri zituen Iruñetik, eta jende mordoa bildu ginen mendi martxan, bidelagun izanik goiz parteko eguzki epelaren argitasuna.

Txalogarria izan dela Mendi Federazioaren ekimena aipatu dut, noiz eta kirola eta politika ez direla nahastu behar esan eta esan ari diren garaitsu honetan, noiz eta Euskal Herriko mendi elkarte ugarik paraje naturaletan ezarri nahi diren proiektu kaltegarrien aurrean posizionatzeko erreparoak dauzkatenean.

Txangoaren erdian, egundoko hamaiketakoa prestatu ziguten bailarako auzotarrek. Bertako produktuez (txistorra, gazta, garbantzuen falafela, ardoa…) jositako mokadu ederra! Daukatenetik, hobena eskaini ziguten, eskuzabaltasunik nobleenarekin, euren lantegietan jai eguna hartu eta gero.

Gauzak horrela, ibilaldian egunez egun gabiltzanok, elkarrekin komentatzen ari gara tarteka, nola ari garen gizentzen kiloz-kilo. Gezurra dirudi hala izatea, egunero kilometro mordoa oinez egiten ari garela kontuan hartuz gero...

Eguardian heldu ginen Doneztebera, eta hantxe, bertako gazteek prestatu zituzten emanaldien artean, Itziar eta Eki neska gazteek Palestinarren poesiarekin osatu zuten errezitaldiak hunkitu gintuela gehien, esango nuke.

Doneztebeko ikastetxe publikoan hartu genuen lotarako tokia.

 

Asteazkenean, haur xalauekin solasaldi gogoangarria

Hurrengo goizean, Baztan bailarako hiriburutzat hartzen den Elizondo bitarteko ibilaldia zegoen antolatuta, eta abiatzeko prestatu ginenerako, Doneztebeko DBHko hainbat irakasle eta ikasleren babesaz gozatu ahal izan genuen; goizean-goiz genituien zain hantxe, zai zintzo-zintzo, bezperan mimoz prestatutako Gazako genozidioaren aurkako pankartei eutsiz.

Nonbait, palestinaren eta Israleen arteko gatazka historikoaren eta II. Mundu Gerra osteko lanketa egina zeukaten klasean, eta nabaritzen zitzaien gazatarren giza eskubideen aldeko sentiberatasuna.

Gazte multzo hari jasotako animuengatik eskerrak eman ostean, Baztango bide berdeaz baliatuta, hainbat herrixka zeharkatu genituen: Legasa, Narbarte, Oronoz, Arraiotz, Irurita, Lekarotz...

Horietako zenbaitetan, geldialdi bereziak egin genituen. Oronotzen lehenbiziko eta behin, jada gertu-gertukoak egin zaizkigun suhiltzaileen txalo eta bozina jotzeekin, eta, oronoztarrek moldatu zuten hamaiketako (bixkotxoak txokolate eginean zata-zata egiteko, urdaiazpikoa, kafea…) gozagarriarekin.

Kilometroko batzuk aurrexeago, Arraiotzen, bidaian orain arte ziurrenik eduki dudan aldarterik zirraragarriena bizitzeko parada eduki nuen. Hain zuzen, eskola txikiko haurrekin erraz azaldu ez litekeen hizketaldi goxoa eduki nuen. Irakasleek, gurasoekin kontsulta egin ostean, aparteko festa antolatu zuten haurrekin (antzerkitxoa, marrazketa saioa...), gure martxa eskola parera heldu bitartean.

Iritsi ginenean haur talde haren parera, hor non egiten didan galdera haur batek munduko xalotasunik handienarekin, ea palestinarra ote nintzen eta handik ote nentorren. Nik ezetz, euskalduna naizela eta Tuteratik abiatua nintzela. Agudo hartu zuten konfiantza galdera-egileak eta bere ondokoek nirekin, eta hortik aurrera, grazia askoko elkarrizketa bilakatu zen gurea. Tuterara gurasoekin joaten dela oporretara batek, Fustiñanara eztarrikoa sendatzera joaten dela beste batek…

Bidean aurrera, eta haur xalau haien grazia eta naturaltasuna burutik kendu ezinik, bide bazterrean, pankartez josita, zain geneuzkan Lekarotzeko Institutuko ikasleak. Haien ilusioa eta poza gu ikustean, eta gure ilusioa eta poza haiekin topo egiterakoan, parekoa!

Baztango helmugara iritsi ginen, noizbait. Txalapartarien ongi-etorriko hotsekin eta talde solidarioen ordezkarien hitzartzeekin egin ziguten harrera beroa. Ordurako, 150 bat lagunentzako herri-bazkaria txukun asko prestatuta zeukaten bailarako boluntarioek.

 

Arratsaldea aldarte gozagarrian igaro genuen, eta berandu gabe, Txokoto zubi ospetsura abiatu ginen. Han, herriko gazteek perfomance ikaragarri hunkigarria eszenifikatzeko pronto zeuden. Gazako biztanleek Israelgo ejertzitoaren etengabeko bonbardaketak jasaten ari diren gazatarren sufrikarioa irudikatu ziguten. Doneztebeko gimnasio batean egin genuen lo, eguna Baztango hainbat herrietan igaro eta gero.

Gero eta gertuago sentitzen dugu Palestinaren aldeko “Ibaitik Itsasora” ibilaldiaren azken helmuga, Hendaia, eta inpresioa daukagu Europako klase politikoarekin haserre bizian dagoen gizarte zibilaren kale agerraldi erraldoia bilaka litekeela eguna.

Honatx zabaldu duten kartela, eguneko ekitaldien berri emanez eta bertaratzeko gonbidapena eginez:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!