Jarraian komunikatua:
Azken hilabeteetan zehar Aiztondo bailarako gazte talde bat bildu gara gazte asanblada berri bat sortzeko asmoz, hainbat arrazoiek eraginda.
Gaur egungo gizartearen egunerokotasuna indibidualista dela uste dugu: elkarrengandik geroz eta isolatuago bizi gara eta sare sozialek kontsumo azkarrera bultzatzen gaituzte, osasun mentalean ondorio larriak eraginez. Gazteontzako sozializaziorako guneak ere geroz eta murritzagoak dira eta gehienetan tabernara, parrandara eta azken finean, kontsumora mugatzen den aisialdian murgilduta bizi gara. Honek guztiak gazteon despolitizazioa bultzatzen duela ere uste dugu. Gainera, gure bizi baldintzak ere geroz eta kaskarragoak dira: lan baldintza prekarioak, gurasoengandik emantzipatzeko zailtasuna, prezioen igoera, etab. Hau guztia gutxi balitz, azken aldian ideia matxista, arrazista eta faxisten gorakada ematen dela ikus dezakegu gure inguruan. Gu, egoera guzti honi aurre egitera gatoz!
Bestalde, Aiztondoko gazteok elkar gutxi ezagutzen dugula iruditzen zaigu eta belaunaldien arteko hausturari aurre egiteko mota askotariko eskaintzak antolatzeko borondatea dugu: kirolak (jolasak, txapelketak, entretenimenduak…), kultura (taillerak, irakurle taldeak, zineforumak…) eta formakuntzarako guneak.
Amaitzeko, Aiztondoko gazte asanbladaren jarduna ondorengo oinarrien baitan ulertzen dugu:
- Erasorik ez: Gure espazioetan ez da inolako eraso matxista, arrazista, homofobo nahiz xenofoborik onartuko, eta edozein jarrera oldarkorri aurre egiteko neurriak hartuko ditugu.
- Instituzioetatik at: Gazteok independienteki eta modu autogestionatuan antolatuko gara.
- Balio unibertsalak: Zapalkuntzarik gabeko gizarte berri baten aldeko balioak sustatuko ditugu.
Egoera guzti honetaz nazkatuta bazaude eta alternatibaren alde ekarpena egiteko prest, antolatu zaitez eta batu ABARGI GAZTE ASANBLADARA!