Palestinaren aldeko hiru orduko lanuzteak deitu dituzte sindikatuek, urriaren 15erako

Aiurri 2025ko urr. 1a, 11:08

Hiru orduko lanuzte orokorra deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk urriaren 15erako, genozidioa salatzeaz gain, enpresa eta erakundeei Israelekin duten harreman komertzial oro eten dezaten eskatzeko. Deialdi bateratua egin dute CCOO, CGT, ESK, Etxalde, Hiru, LAB, Steilas eta UGT sindikatuek. Egun berean egingo du mobilizazioa ELAk ere, bere aldetik, baina: ordubete gehiago luzatuko du lanuztea.  

Hiru txandatan antolatu dituzte lanuzteak: lehena, 03:00etatik 06:00etara; bigarrena, 11:00etatik 14:00etara eta, hirugarrena,  17:00etatik 20:00etara. Era berean, manifestazioak egingo dira eguerdiko 12:30ean Hego Euskal Herriko hiriburuetan: Gipuzkoaren kasuan, Donostian izango da, Bulebarretik abiatuta. 

Aldarrikapen berbera oinarri hartuko dituzte kaleak sindikatuek:

  • Langile klase osoaren elkartasuna adierazteko Palestinako herriarekin.
  • Israel Palestinako herriaren aurka, AEBetako Gobernuaren babesarekin, egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzeko.
  • Zisjordanian Palestinako lurraldearen etengabeko kolonizazioa salatzeko, eta horrek langile palestinarren lan- eta bizi baldintzetan dituen ondorio larriak.
  • Gazako genozidioaren berehalako amaiera eskatzeko eta okupazioa eta kolonizazioa amaituko dituen eta Palestinako herriak askatasunean bizitzeko eskubidea bermatuko duen konponbide integrala exijitzeko.
  • Patronalari eta instituzioei, bertakoei zein nazioartekoei, Israelekin harreman komertzial oro eteteko eskatzeko. Ezin da genozidio baten kontura negozioa egiten jarraitu.
  • Europar Batasuna-Israel Elkartze Hitzarmena osorik eten dadin eskatzeko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!