Aiztondoko Gazte Asanblada aurkeztu dute

Leire Uranga 2025ko urr. 12a, 14:59

Izarbe Mujika eta Maddi Galarza, Abargi Gazte Asanbladako kideak.

IZARBE MUJIKA Abargi gazte asanblada

Irailaren 20an aurkeztu zuten Abargi, Aiztondoko Gazte Asanblada. Kirol eskaintzak antolatzea, kultura aberastea eta formakuntza politikoa sustatuko duten ekimenak garatzea dute helburu

Nola sortu da Aiztondoko Gazte Asanblada?

Duela lau hilabete inguru hasi ginen Aiztondoko hainbat gazte elkartzen, gure artean hutsune bat sumatzen genuelako: ez zegoen gazteon arteko sozializazioa bermatuko zuen espaziorik. Gauzak horrela, ekintza ezberdinak antolatzen hasteko helburuarekin, Abargi Gazte Asanblada sortzea erabaki genuen.

Ze baliotan oinarritzen da zuen jarduna?

Uste dugu gaur egungo gizartea gero eta indibidualistagoa dela, eta gazteak askotan isolatuta geratzen garela etxeetan, sare sozialen erabilerak horretara bultzatuta. Sozializatzeko uneetan ere, ia beti parranda edo taberna giroa izaten dugu aukeratzat.

Honek guztiak, gure ustez, despolitizazioa dakar. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu gazteok geure interesen baitan sortutako espazioak izatea: inongo motatako eraso edo bazterketarik onartuko ez dituztenak; instituzioetatik kanpo, modu autogestionatuan eta independentean antolatuko direnak; eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borrokatuko dutenak.

Zein da zuen planteamendua?

Asanbladaren aurkezpen eguna izan da gure proiektuaren lehen agerpena. Hemendik aurrera, gure asmoa kirol eskaintza antolatzea, kultura eskaintza aberastea eta formakuntza politikoa sustatuko duten ekimenak garatzea da. Etorkizuneko plangintza oraindik zehazteke badago ere, argi daukagu gure jardunaren ardatzak hauek izango direla: kirola, kultura eta formakuntza politikoa.

Nolakoa da, gaur egun, Aiztondoko gazteen panorama?

Alde batetik, iruditzen zaigu bakoitza bere taldetxoan soilik mugitzen dela. Egia da noizbehinka, egun puntual batzuetan, beste jendearekin ere elkartzen garela, baina askotan hori herriko tabernetan zerbait hartzera mugatzen da, aurrez aipatutako taberna giro horretara, hain zuzen.

Oro har, Aiztondoko gazteok herri txikitan banatuta gaude. Baditugu elkargune batzuk, baina beti talde txikitan elkartzen gara, eta ez gara behar adina ezagutzen gure artean.

Bestalde, orokorrean, gaur egungo gazteen egoera batere erraza ez dela iruditzen zaigu. Emantzipatzeko garaian, gurasoen etxeetatik alde egitea gero eta zailagoa da, batez ere etxebizitzen prezioen gorakadagatik. Horrek ikasketak eta lana uztartzera behartzen gaitu, eta, gainera, lan-baldintza kaskarrak pairatu behar izaten ditugu.

Honi guztiari gehitu behar zaio askotan soilik parranda eta taberna giroan elkartzen garela, eta ez daukagula gure interesetan, kulturan, aisialdian edo kirolean garatzeko aukerarik. Eta kasu batzuetan eskaintza horiek badaude ere, ia beti ordaindu behar izaten dela.

Abargin, doakotasunaren alde egiten dugu: proposatutako guztia modu doakoan garatzea dugu helburu.

Zein kezka edo aldarrikapen entzuten dituzue gehien zuen inguruan?

Kezka nagusienetako bat da azkenaldian gero eta nabarmenagoa dela ideia matxisten, faxisten eta, oro har, erreakzionarioen gorakada. Horren aurrean, antolatzea ezinbestekotzat jotzen dugu.

Bestalde, kezka handia eragiten digu gazteok ez elkar ezagutzeak. Gainera, aisialdirako eskaintza oso mugatua dela uste dugu, eta ez dago benetako asanblada-gunerik, bakoitzak bere interesak partekatu eta ekimenak proposatzeko aukera izan dezan. Ondorioz, Aiztondoko gazteok ez dugu gure beharretara egokitutako jarduerak elkarrekin antolatzeko aukerarik.

Egia da udalen bidez noizean behin Gazte Eguna antolatzen dela baina hori egun bakarrera mugatzen da. Guk, ordea, jarraipena eman nahi diogu: kurtso edo urte osoan zehar dinamika eta ekimen berriak sortuz.

Nork har dezake parte Abargin, eta nola?

Aiztondoko edonork har dezake parte asanbladan. Astero biltzen gara, normalean ostiraletan, arratsaldeko 18:00etan. Egunari eta orduari buruzko informazioa gure sare sozialetan egongo da eskuragarri. Bilerak irekiak dira, eta nahi duenak har dezake parte. Oraingoz Zizurkilgo plazan biltzen gara, ez baitaukagu elkar biltzeko beste espaziorik.

Zein ekimen edo ekitaldi dituzue aurreikusita datozen hilabeteetarako?

Aurkezpenaren ostean, jende berria gerturatzea eta proposamen berriak jasotzea da gure nahia. Asanblada aurkeztu dugunok badugu gure ibilbideari buruzko ideia bat, baina noski, plangintza irekia da, eta parte hartu nahi duen orok bere ekarpena egin dezake.

Aurretik esan bezala, gure helburua da kirolaren, kulturaren eta politikaren bueltan espazioak antolatzea. Adibide gisa, buruan ditugu lehiakortasuna eta indibidualismoa sahiestuko diztuzten kirol txapelketak eta entrenamenduak antolatzea, irakurketa taldeak, gai zehatzen inguruko formakuntza politikoak, zine-forumak, mendi ibilaldiak… Finean, asko dago esperimentatzeko, jendearen parte-hartzearen araberakoa izango da.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 678 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!