Euskararen herrialde luze eta zabaleko ehunetik gora herritan elkartzen dira bidelagunak eta bidelariak. Ikasturte honen hasieran, eskualde osoan zabaldu dira mintzapraktika-programen kanpainak, "Euskara Zu Zara" eta "Eta euskaraz egiten badugu?" leloak ardatz hartuta.
Mintzalagun taldeek aukera ematen dute euskara erabiltzeko eta, aldi berean, harreman berriak sortzeko zein lehendik daudenak sendotzeko. Euskara ikasia izan arren askok ez dute praktikan segurtasunez erabiltzeko aukerarik izaten, eta talde hauek dira askorentzat lagunarteko euskarazko elkarrizketak bizitzeko gune segurua. Andoainen, adibidez, 2011. urtean jarri zuten martxan egitasmoa.
Taldeen antolaketa
Taldeak osatzerakoan bakoitzaren ordutegiak, adina eta zaletasunak hartzen dira kontuan. Astean behin biltzen dira orokorrean, eta taldekideek erabakitzen dute zertarako elkartuko diren: paseatzeko, kirola egiteko, mendira joateko edo kafea hartzeko.
Batzuen helburua soilik euskaraz aritzea da, beste batzuek, ordea, gai ezberdinak jorratzen dituzte saio bakoitzean. Hala azaldu dute Andoaingo parte-hartzaileek: "Batzuk euskaraz hitz egiteko baldintzarekin soilik geratzen gara, lagun artean. Beste batzuk, aldiz, gai ezberdin bat prestatzen dugu saioan horretaz jarduteko; bakoitzaren araberakoa izaten da".
Taldeak bidelagunez eta bidelariez osatuta daude.
Bidelaguna
Bidelaguna arduratzen da, batez ere, taldean euskal giroa bermatzeaz: “Euskaraz hitz egin eta euskaraz hitz eginaraztea da gure zeregin nagusia hemen. Ez gatoz hona gramatika lantzera, horretarako euskaltegia dugu. Ahalik eta txukunena hitz egiten saiatzen gara, tarteka ondokoa zuzentzen dugu, baina, inongo presiorik sartu gabe. Euskal giroa sortzea da gure helburua”.
Era berean, euskal giroa aurkitzeko aukerarik ez dutenei, aukera hori eskaintzea, "benetan pozgarria" dela jakinarazi dute.
Bidelaria
Bidelariek, oro har, taldean euskaraz hitz egiteko "eroso" eta "askatasunez" sentitzen direla azaldu dute. Askoren arazo nagusia da ez dutela euskaraz aritzeko ingururik edo espaziorik, eta hori bera da, funtsean, Mintzalagun egitasmoan aurkitzen dutena.
Taldean euskaraz aritzeko espazio seguru bat topatzeaz gain, "lagun taldeak" sortu dituzte.
“Batzuetan, bakoitzaren inguruan giro euskalduna topatzea pila bat kostatzen da, eta hau aukera paregabea da”, adierazi dute parte-hartzaileek.
Indarguneak
“Norberaren konfiantza” lantzen dute asteroko zitan, eta euskaraz hitz egiteko “beldurra” galtzen dute; hori dute egitasmoaren indargune nagusitzat.
Euskaraz hitz egiteko “lotsa kentzen” ere laguntzen die ekimenak, eta, nahiz eta akatsak egin, euskaraz hitz egiten jarraitzeko "lasaitasuna" sentitzen dute parte-hartzaileek.
Izen-ematea
Egitasmoan izena emateko hainbat aukera daude.
Andoainen eta Urnietan, adibidez, emanizena.praktikatu.eus webgunean, udaletxeetan edo AEK euskaltegietan egin daiteke izen-ematea. Aiztondon, berriz, udaletxeetara edo Galtzaundira jo daiteke izena ematera.
Parte-hartzea doakoa da, eta interesa dutenek izena eman besterik ez dute.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 678 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.