N-I errepidea erabat itxiko da gaur, Villabona eta Irura arteko bidegorriaren pasabidea jartzeko

Aiurri 2025ko urr. 17a, 10:44

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak jakinarazi duenez, Villabona eta Irura lotuko dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide berria jartzeko lanak direla eta, beharrezkoa izango da N-I errepidea erabat moztea urriaren 17ko gauean, bi noranzkoetan.

Metalezko egitura altxatzeko eta instalatzeko lanetan segurtasuna bermatzeko itxiko dute errepidea, eta 440 eta 441 kilometro-puntuen arteko tarteari eragingo dio, bi herrietako industrialdeen inguruan.

Lanak 22:00etatik 06:00etara egingo dira, aurreikusitako sekuentzia honi jarraituz:

  • 22:00etan hasiko da trafikoa eteten Gasteizerako noranzkoan, autogarabia sartu eta kokatu ahal izateko.
  • Ondoren, trafikoa eten egingo da Donostiarako noranzkoan, eta pasabidea eramango duen garraio berezia errazago sartuko da.
  • 23:30ak aldera, muntaketa-maniobra hastea aurreikusita dago.
  • Instalazioa eta soldadurak amaitu ondoren, autogarabia desmuntatu eta zirkulazioa berrezarriko da 06:00ak baino lehen.

Lanek irauten duten bitartean, zirkulazioa behar bezala seinaleztatutako poligono paraleloetako bideetatik desbideratuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!