Plan Funtzionalaren berri eman du Osasun sailburuak eskualdeko eragileen aurrean

Aiurri 2025ko urr. 21a, 12:22

©Irekia

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Alberto Martinez sailburua buru zuela, Tolosaldeko eragile politiko eta sozial nagusiekin bildu zen atzokoan. Xedea Plan Funtzionalaren berri ematea zen: Plan horren bitartez aurrikusten da Tolosan ospitale publiko bat eraikitzea, bost urte barru martxan jarriko dena.

Martinezekin batera izan ziren Gontzal Tamayo eta Aritz Uriarte sailburuordeak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, Maite Martínez de Albeniz Donostialdea ESIko zuzendari gerentea eta Mari Luz Jauregi Tolosaldea ESIko zuzendari gerentea. Osasun Sailak eta Osakidetzak Tolosaldean deitutako topaketak tokiko komunitatearekin partekatzea eta kontrastatzea helburu zuen: “Jardunaldi honek eragile sozialei, politikoei eta herritarrei jakinarazi nahi diegun konpromisoa eta gardentasuna islatzen ditu, eta 2024ko irailetik egindako aurrerapenak eta honaino eraman gaituen ibilbidea azaltzea du helburu”, adierazi zuen hedabideen aurrean Osasun sailburuak.

Sailburuak azpimarratu duenez, Tolosako ospitale publiko berriak laguntza emango dio Tolosaldeko eskualdeari, eta, gainera, erreferentea izango da Gipuzkoa osorako diagnostiko-prozeduretan eta proba osagarrietan. Donostialdea ESIko profesionalak izango ditu erreferentzia. Azpiegitura berriak 77 ospitalizazio-ohe izango ditu, erresonantzia-zerbitzu bat, Gipuzkoa osorako zerbitzu diagnostikoak eskainiko dituena, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako 2 miaketa-gela, anestesia osteko errekuperazio-unitate bat, larrialdi-zerbitzua, erradiologiako ekipoak (tratamendu asertibo komunitarioa, ekografiak, digestiboa...) eta errehabilitazioa.

Espezialitateei dagokienez, honako hauek izango dira: digestio-aparatua, dermatologia, endokrinologia, ginekologia eta obstetrizia, neurologia eta abar luzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!