Zer da dermatosi nodularra?
Azaleko gaitza da eta bere transmisioaren %95a intsektuen ziztaden bidezkoa da. Animalia batetik bestera ere kutsatu daiteke kontaktu zuzenagatik, baina ezohikoagoa da hori. Azalean ateratzen diren gorriune edo nodulo horietan likido bat egoten da. Intsektuak bertan ziztatu ondoren beste animalia bat ziztatzen badu, zabaldu egiten du gaixotasuna.
Behi-aziendari bakarrik eragiten dio eta oso-oso nabarmena da. Grano edo nodulo handi ikusgarriak ateratzen zaizkie bizkarraldean, sabelean, errapeetan... Hilkortasun tasa txikia duela dakigu, %5era iristen ez dena. Hortik aurrera, ezer gutxi dakigu.
Zertan eragiten die animaliei?
Azaleko infekzio horrek sekulako sukarra ekartzen die. Inmunitatea jaisten zaie eta jateko gogoa galtzen dute. Esne-behien kasuan, esne ekoizpena asko jaisten zaie. Gaixotasuna garatu ondoren, baliteke indartsu dauden animaliek bizirik irautea lortzea, baina erabat indarrik gabe geratzen omen dira. Azaleko infekzio hori asko zabaltzen da eta animaliek asko sufritzen dute infekzio horren eraginez.
Ez dakigu askoz gehiago gaitzaren inguruan; eragina, iraupena... Botika jarrita ez dela sendatzen dakigu eta erraz zabaltzeko gaitasuna duela. Ezagutza txiki horrek beldurra ematen du.
Nondik iritsi da gaixotasun hori?
Duela 3-4 urte jabetu ziren gaixotasuna Afrikatik gerturatzen ari zela. Mediterranoan gora, Egipto, Turkia, Grezia, Italia, Frantzia... Europan sartu da. Estatu mailan berriz, Girona aldean izan dira lehen kasuak.

Zein neurri hartu dira?
Momentuz hartzen ari den neurri nagusia hustualdi sanitarioa izan da. Neurri gogorra da: ikuilu batean dermatosi nodular kasu bat agertzen bada, ikuiluko animalia guztiak hil eta erraustu behar dira. Zenbait hilabetez ikuilua hutsik eduki behar da, garbiketak eginez. Neurriak horrek beldurra eragiten du.
Gainera, agroseguruek ez dute gaixotasun hori katalogatuta, eta ondorioz, ez dute erantzuten. Duela urtebete ere izan zen aziendari eragiten zion gaixotasun hemorragiko bat. Aseguruek ez zuten gaixotasun hori modulatuta, eta ez zuten erantzuten. Ondorioz, administrazioak zein babesen bat jarriko duen jakiteko zain gaude.
Egoeraren aurrean, txertoa eskatzen ari da baserritar asko, baina momentuz Europak ez du baimentzen, harik eta 50 km. baino gutxiagora kasuren bat agertu arte. Nolabaiteko babesa nahi dugu izan ere, oso gogorra baita ikuilu osoa hustu beharra.
Neurri gogorra...
Nik hamairu urte nituela tuberkulosi kasu bat izan zen gure etxeko behien artean. Ikuilua hustu beharra izan genuen, eta gogoan ditut aita eta ama negarrez. Hogei behi inguru izango ziren orduan gure etxean eta, ondo zeuden behiak hiltzera bidali beharra oso gogorra izan zen. Momentu hartan, gainera, ez zegoen asegururik eta administrazioak ez zuen laguntza neurririk. Lau hilabetez ikuilua hutsa eduki behar izan genuen, beharrezko garbiketak eginez.
Berriz ganadua ekarri beharra, nondik eta zer ganadu ekarri erabaki beharra..., hutsetik hasi behar da. Momentu honetan, gainera, baserritar asko 60 urteren bueltan dabil. Halakoren bati ikuilua hustutzea egokitzen bazaio, harritzen naiz berriz ere hutsetik hasteko gogoa izatea. Gironan halako pare bat kasu izan omen dira; adin bateko baserritarrak, atzetik erreleborik ez dutenak... ikuilua hustu beharra etorrita, bertan behera utziko dute esplotazioa. Hemen ere egoera beretsuan geundeke asko.
Ekonomikoki kolpe handia da ikuilua hustutzea. Momentu ona dugu gainera, eta une honetan animaliek balio ona dute. Nolanahi ere, alderdi ekonomikoaz gain, kolpe emozionala ere handia da. Ikuilua hustutzea, hutsa ikustea, berriz ere hasi beharra... eta horri erantsi ia urtero badugula gaitz berriren bat. Zaila da ilusioari eta gogoari eustea. Mingain urdinaren zortzigarren serotipoa ezagutu dugu dagoeneko; gaixotasun hemorragikoa ere iritsi zen eta, orain dermatosia. Erabateko tentsioan gaude. Larrean dabilen behia geldirik ikusten badugu, larritu egiten gara azken urteotan.
Girona aldean izan dira lehen kasuak. Zer berri duzue?
Guk dakigunez, zortzi ikuilutan izan dira kasuak. Zortzi ikuilu horiek hustu dituzte, eta inguruko ikuiluetan txertoak jarri dituzte. Azkar hartu dituzte neurriak. Urriaren 1ean atzeman zuten lehen kasua eta dagoeneko probintziako ikuilu guztietan egin dituzte txertaketa lanak.
Oso erraz zabaltzen den gaixotasuna da. Intsektuek erraz bidaiatzen dute; ez ganadu kamioietan bakarrik. Edozein kotxetan, turistekin, komertzialekin, paketeria artean... Ondorioz, ez dakigu ze garapen izango duen gaixotasunak.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 680 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.