2024an agertu zuen Mendiko Haizie enpresak Buruntza mendian parke eoliko bat eraikitzeko asmoa. 2024ko abenduaren 10eko Euskal Herriko Boletin Ofizialean argitaratu zen proiektu eolikoaren lehia eskaerari zegokion iragarkia, eta prozedura martxan jarri zen.
Proiektuan planteatutako aerosorgailuak Buruntzako harrobiaren esplotazio-eremuaren gaineko ertzean kokatzen ziren. Horrek harrobiaren esplotazio asmoei eragiten zienez, harrobiaren jabe "Sociedad Financiera y Minera S.A." enpresak erreklamazioa egin zuen.
Ondorioz, Jaurlaritzak baldintza ezberdinak zehaztu zituen aerosorgailuak kokatu ahal izateko. Besteak beste, aerosorgailuen kokapenaren inguruko neurria zehaztu zuten; harrobiaren esplotazio eremuko edozein puntutik aerosorgailuaren altuera eta erdiko gutxieneko distantzira koka zitezkeen errotak. Zehatzago esateko; aerosorgailuen altuera osoa 189’5 metrokoa aurreikusten zenez, harrobiaren edozein esplotazio gunetik gutxienez 284 metroko distantziara jartzea eskatzen zuen horrek.
Baldintza betez gero, ordea, Buruntzako Herrixka Gotortuaren gune arkeologikoaren babes eremura sartuko lirateke eta mendiaren gainaldeko magalaren parte handi batean halako azpiegitura handiak jartzea debekatzen du babesak.
Egoera horrela, Argiak atzo jakinarazi zuenez, Mendiko Haizie enpresak proiektua bertan behera uztea erabaki du.