Larrialdiko ohiko triangeluak ordezkatuko ditu V16 aparatuak eta hori izango da 2026. urtean errepidean arriskuaz ohartarazteko legezko gailu bakarra. Hori koloreko baliza txikia da V16 aparatua eta 360 gradutan intentsitate handiko argi bat igortzeko gai da, aldizkakotasunez, 30 bat minutuz gutxienez. Hemezortzi hilabeteko edo gehiagoko iraunkortasuna duen pila edo bateria bat du.
"Aurrerapausoa" delakoan da Trafiko Zuzendaritza Nagusia, bide-segurtasuna indartzearen eta istripuen murrizketaren bidean. Hala, funtzio bikoitza izango du balizak, erakundearen hitzetan: batetik, gidariei errepidean ibilgailu bat geldirik dagoela ohartarazteko xedea du intentsitate handiko argiak. Bestetik, ibilgailuaren kokapen zehatza jakinaraziko dio DGT 3.0 plataformari eta, horrela, informazio-paneletan jakinarazi ahal izango da, bai eta errepideko gainerako erabiltzaileen nabigazio-sistemetan ere: "V16 balizak ikusgaitasun fisiko eta birtuala ematen du, gure geolokalizazioa bidaltzeko duen gaitasunari esker". Hala eta guztiz ere, ez da larrialdi-zerbitzuei abisua emateko gidariek erabiliko duten gailua, ez baitu horretarako gaitasunik.
Nola erabili behar da?
Ibilgailuaren eskularru-kaxan eraman beharko dute gidariek V16 baliza, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak argitu bezala: "Matxurarik edo istripurik izanez gero, segundo gutxi batzuetan aktibatu ahal izango da". Posible den heinean, gidariek ibilgailuaren sabaian ipini behar dutela adierazi du erakundeak: "Une horretan, ohartarazpeneko argi-seinalea igortzeaz gain, DGT 3.0 plataformara konektatuko da, kokapena denbora errealean transmititzeko eta bideko beste gidari batzuei egoeraren berri emateko". Horrekin lotuta, erakundeak nabarmendu du erositako V16 balizak homologatuta egon behar duela eta konektagarritasuna izan behar duela DGT 3.0 plataformara.