Ostegunean iritsi ziren Vilafrancako musikariak eta egun bete-beteak izan dituzte geroztik. Villabonako udaletxean harrera ofiziala egin zieten atzo eta ikastetxeetara bisita egin zuten ondoren, musika emanaldiak eskainiz.
Goizean goiz, entseguetan murgilduta hasi dute eguna gaur. Eguerdian, kalejira egitekoa zuten, baina eguraldiak ez du horretarako tarterik eskaini, eta Villabonako Berdura plazan egin dute musika saioa. Dantza, umorea, festa-giroa... nagusitu da musikari gazteen artean. Villabona eta Zizurkilgo erraldoiak ere gerturatu dira Berdura plazara.
Arratsaldean, musika emanaldia bateratua eskaini dute Gurea aretoan. Kataluniako eta euskal musikako pieza ezberdinak eskaini dituzte eta, bi kulturetako ezaugarri bereizgarriak ere taularatu dituzte.
Alegian eman diote amaiera egunari, elkarrekin afalduz.