Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute ekitaldia, eta, tartean, oholtza gainera igo dira AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe. “Harro egoteko moduko Korrika” izan zen azken edizioa, Begiristainen ahotan, “inoizko erraldoiena eta anbiziotsuena”. Hala, datorren edizioan grin horri eutsiko dio AEK-k, ordezkariaren iritziz, 24. edizioak euskara herritar guztientzako aterpe “irekia eta erosoa” izateko bidean: “Berdin da zer jatorri, zein azal-kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza…”, azaldu du Begiristainek, “garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen barruan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte-zapalkuntza orotatik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita”.
Hari horri tiraka, hitza hartu du Lurdes Etxezarretak, hiru oinarri dituen mezua, norabide guztietan, Euskal Herri osora zabaltzeko: lehenik, euskara ardatz duen komunitatean “aske eta eroso” bizi nahi dutela aldarrikatu du, “Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea”. Bigarrenik, presaz begiratu dio hizkuntzak bizi duen larrialdi linguistikoari, “ziklo berriari” eutsi behar zaiolakoan: "Orain arteko lasterketa eta lana emankorra izan da, baina garaiak zeharo aldatu dira eta ingurua babesteko presa daukagu. Adi egon behar gara euskara ahultzen duten eragileen mehatxuei”. Hirugarrenik, instituzioei begira ipini da Etxezarreta: “Harro gaude bai, baina ez konforme!”. Euskararen ekosistema indartu eta babestu behar dela azaldu du aurkezpenean ordezkariak eta ariketa horretan instituzioek “ardura handia” dutela uste du AEK-k: “Hizkuntza-politika ausarta eta sendoa behar duglako. Zer izan nahi dugun, horixe izango gara. AEKn, argi daukagu, euskara gara”.
Hitzordua biribiltzeko, Ane Elordi Alburquerque Korrikaren arduradunaren eskutik ezagutu da aurtengo Korrikaren mezua, baita omendua ere, Errigora: “Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere”. Muga baino, euskara "arnasa" dela aldarrikatu du arduradunak, eta euskara zubi-gisa landu behar dela nabarmendu du, kohesio sozialerako tresna dela ulertuta: “Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza...”.
KORRIKAREN MEZUA
Euskara-herria naiz, bizitzeko era, izateko modua.
Suaren antzekoa naiz: beti bera, beti berri.
Ongi etorri nire etxera, gure etxera.
Iraganetik gaur egunera, ateak beti zabalik ditugun babesgunera.
Zu eta ni euskara gara. Bat gara.
Miloi bat euskaldun gara, eta gehiago izango gara.
Biziberritzen den komunitate aske eta irekia gara,
elkarrekin sortuko dugun etorkizuna.
Alderik alde zeharkatuko dugun Euskal Herria gara.
Eman hitza, eta eman pauso, erdigunean jartzeko aniztasuna eta elkar zaintzea.
Eman pausoa, eta aktibatu, lehen lerroan nahi dugu helduen euskalduntzea.
Guztiok gara ezinbesteko. Pertsona bakoitzak du balioa; hiztun bakoitzak, garrantzia.
Euskaltegian izena eman dugunok, euskara lehen hizkuntza dugunok, kanpotik etorri garenok,
euskaraz, Euskal Herrian, ikasi eta bizi nahi dugunok...
Guztiok herri bat gara. Euskara gara.
Aditu Korrikaren deiadarra.
Izan gaitezen dardara, izan gaitezen indarra.
Piztu da Korrikaren garra!…