Palestinaren aldeko jaialdi solidarioa, Galarretan

Aiurri 2025eko azaroaren 19a

Datorren igandean izango da, azaroak 23, arratsaldeko 17:00etan hasita.

Lehenik esku pilotako partida jokatuko da, Xabier Apaolaza-Ibai Zabala eta Mikel Goñi-Iker Elizegi artekoa. Ondoren zesta puntako norgehiagoka izango da, Erika Mugartegi-Arai Lejardi eta Elaia Gojenola-Maia Goikoetxea bikoteen artekoa. Eta amaitzeko, erremonte partida Ansa II-Aiestaran VI eta Goikoetxea V-Larrañaga artekoa. Giroari kolore berezia emango diote Andoni Redondo eta Eli Pagola bertsolariek.

Antolatzaileek aurkezpenean adierazi zutenez, "jaialdiaren baliorik handiena Euskal Herriaren batasun eta elkartasun izpiritua da eta horrexegatik gonbidapena luzatu diegu elkarte, talde sozial, ikasle-talde, musika talde eta norbanako guztiei ekimenera batu daitezen. Helburua Palestinako herriarentzat ahalik eta babes eta laguntza handiena lortzea da". Sarrerak dagoeneko salgai daude www.oriamendi.eus webgunean. Prezioa 10 eurokoa izango da 10 urtetik gorakoentzat, eta doakoa 10 urtetik beherakoentzat. Gainera, egun horretan bertan egingo dira dohaintza osagarriak, nahi duenak bere ekarpena egin dezan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!