Aurki banatuko dira Errigorako saskiak eskualdean

Aiurri 2025eko azaroaren 20a

Dozenaka saski eskatu dira Errigoraren udazkeneko kanpainan, Urnietan eta Andoainen. Urnietan, estrainekoz, saskiak herrian bertan eskuratzeko aukera baliatu dute Errigorari eta euskaltzale talde baten ekimenari esker.

Amaitu da Errigoraren Udazkeneko kanpaina: “Agerreko uzta euskarari puzka” lelopean, urriaren 23tik azaroaren 13ra bitarte izan dute tartea herritarrek saskiak eskatzeko. Nafarroako hegoaldea eta erdialdea oinarri hartuta, euskara ofiziala ez den zonaldean eragitea du xede egitasmoak, tokiko ekoizleak sustatzearekin batera. Bada, auzolanari tiraka, bertako produktuez osatutako makina bat saski banatzen da urtero Euskal Herri osoan barrena, Errigorarekin. Bide horretan, aurtengo udazkeneko kanpainan dozenaka saski eskatu dira Urnietan eta Andoainen.

Saskiak jasotzeko aukera Andoainen eta Urnietan

Aurten, berrikuntza batekin iritsi da ekimena eskualdera, Andoainen ez ezik, Urnietan ere eskaria herrian bertan jasotzeko aukera izango baitute herritarrek. Urnietarren kasuan, eskaerak jasotzeko bi egun ipini ditu aukeran Errigorak herrian duen talde-eragileak: batetik, azaroaren 28an, ostiralean (17:00-19:00) eta azaroaren 29an, larunbatean (10:00-12:00). Bi kasuetan jasoketa-toki bakarra egongo da, Maximo Iurramendi kalea 19, behea (Garai bateko Elorri belar-denda), hain zuzen ere.

Bestetik, Andoainen kasuan bi tokitan egingo da banaketa, eta bakoitzak bere ordutegia izango du: Aita Larramendi Ikastolaren kasuan, azaroaren 24tik aurrera egingo da banaketa eta, antolatzaileek adierazi bezala, “guneko arduraduna jarriko da eskatzailearekin harremanetan”. AEK euskaltegian, bestalde, 25etik 27ra bitarte egongo da aukera eskaturiko saski jasotzeko, asteartean 15:00-19:00 bitartean eta, asteazkenean zein ostegunean, 09:00-19:00 bitartean.

Ordainketa egiteko moduak

Eskaera online egin duten herritarrek aukera izango dute ordainketa aldez aurretik egiteko, helbide elektronikora ailegatu zaien mezuaren bitartez. Bestela, ordainketa egin ez dutenek saskia jasotzeko unean egin beharko dute, eskudirutan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!