Tolosaldeko herritarrei bermatu behar zaien kalitatezko osasun eskubidea ziurtatzeko, osasun langileak zaindu eta euren etorkizuna argitzeko bermeak ezinbestekoak direla uste du eskualdean alkatetza gehien dituen koalizioak: "Eskualdeko osasun sistemaren etorkizuna oraindik argitu gabe dago, eta EH Bildutik behin eta berriz adierazi dugu: Asuncion Klinika eta bertako langileen etorkizuna argitu arte, ez dela posible izango Tolosaldean osasun arretarekin dugun arazoa benetan konpontzea".
"Gaur-gaurkoz, ez dago zentro berria izango denaren inguruko plan funtzionalik, ezta beharrezko azterlanik ere, eta zehaztasun falta horrek ezinegona sortzen du herritarren eta langileen artean. Eskualderako osasun arreta erabat publikoa, kalitatezkoa eta euskalduna bermatzea beharrezkoa da". EH Bilduk planteamendu sendoa eta egingarria eskatu dio Osasun Sailari.
Horren harira, ohar bidez adierazi dutenez, agerraldia eskatu dute sailburuak Eusko Legebiltzarrean beharrezko argipen eta azalpenak eman ditzan. Era berean, Gasteizera gonbidatu nahi ditu Asuncion Klinikako langileak "beren kezka eta aldarrikapenak osasun batzordean azaldu ditzaten".
Bat egin dute larunbateko manifestazioarekin, azkenik, "mobilizazioaren zilegitasuna aitortzen dugu, eta Osasun Sailari eskatzen diogu lehenbailehen eskualdeko osasun eredua argitzeko pauso zintzoak eta gardenak eman ditzala".