Tokikom Sarietan izan da Aiurri

Aiurri 2025eko azaroaren 25a

Tokikom Sariak izan ziren Aretxabaletan joan den ostiralean, eta, ondorioz, bertan izan ziren Tokikom osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak, tartean, Aiurri. Mondragon Unibertsitatean egin zuten jardunaldia eta goiz osoko egitaraua izan zen: sari-banaketaz gain, kazetaritzaren eta adimen artifizialaren arteko harremanaz hausnartzeko aukera izan zuten bertaratutako kideek,  RTVEko Urbano Garcia Alonsoren eskutik, sektorearen erronken gaineko gogoetak eta eskarmentua partekatzeko.  

Guztira lau sari banatu zituzten Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Hala, bertara hurbildutako erakunde publikoetako ordezkarien eskutik jaso zituzten sariak hedabideek, bertan izan baitziren, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Aitor Aldasoro, eta Gipuzkoako, Bizkaiko zein Arabako Foru Aldundietako, Garbiñe Mendizabal, Nestor Atxikallende eta Joseba K. Perez de Heredia. Puntuarentzat izan da azalik onenarenaren saria, zeinu hizkuntza hizpide duen lanagatik. Eduki onenarena, berriz, Aiaraldearentzat izan da "Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean"  erreportajearekin eta ikus-entzunezko onenaren aitortza Antxeta irratiak eraman du aurten,  "Lodifobiaren aurkako ahotsak" elkarrizketa-sortagatik. Horiez gain, aipamen berezia jaso zuen Goienaren "Podcast Gela"-k. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!