Lubaki Talde Feministaren irakurketa:
"Faxismoaren gorakada ez da iraganeko mamua soilik, gaur egun ere ageri da: sareetan, kaleetan, medioetan nahiz instituzioetan. Krisi garaietan sistema zaharrak bere burua berrasmatzen du, eta gaur egungo oldarraldi faxistak horixe erakusten du: sistema indarrez inplantatu nahi du, bere adierazpiderik bortitzena bilakatuz.
Faxismoak aurpegi ugari ditu, eta modu berezituan eragiten digu neska, trans eta bolleroi: misoginia, borroka feminista arazo sozialen kausa gisa identifikatzeko joerak edo gure borroka kriminalizatzen duten adierazpenak tarteko. Paradoxikoki, aldi berean, biolentzia hau eragiten ari diren berberak emakumeen ongizatearen babesle gisa azaltzen ere ikusi ditugu; defendatzaile paper honek ehiza arrazistak eta transfobia justifikatzeko balio izan dietenetan.
Testuinguru honetan hazten ari den olatu erreakzionarioa ez da soilik eskuinetik datorren zerbait. Ezkerreko gizon zuriengan ere errotuta egon dira beti diskurtso arrazista, transfobo eta antifeministak, baina gaur egun, faxistek gasolina emanda, indar berriz ari dira agertzen. Dena den, ezkerreko erreakzioaren jatorrian ez dago soilik faxismoaren gorakada: gizonak, beraien pribilegioak kolokan ikustearen ondorioz, ematen ari diren erantzuna ere bada.
Izan ere, gure garaipenen aurrean ari dira erreakzionatzen. Eragin ditugun erresistentziek jo puntuan jarri gaituzte gu, militante feministak, eta feminismoa bera. Gure boteretzeak haien pribilegioen galera esan nahi du, eta horregatik dator haien haserrea. Baina hori garaipenaren seinale da: gure borroka eraginkorra dela frogatzen du.
Gu feminismoaren lubakian elkartzen gara. Lubaki feminista defendatzen dugu eta bertan babesten gara gara seinalamendu hotz, lege errepresibo, despolitizazio saiakera eta inkisizio berrituen aurrean. Krisi eta biolentziak nagusi diren garaiotan, babesleku bat baita. Arauari erresistentzia eginez bizitzeko toki bat.
Ordea, guk ez dugu soilik arautik kanpo hobeto bizi nahi, baizik eta arauarekin berarekin amaitu nahi dugu. Guk sistema osoak eraldatu nahi ditugu. Horregatik, lubakia defendatzeaz gain, lubakiaz haratagokoa eraisteko eta eraldatzeko borrokatzen dugu. Lubakia lantzea ez baita azken helburua, datozen borroketarako lur izango dugunaren oinarriak sendotzea baizik.
Hala izanik, azaroaren 25ean eskuin muturraren eta erreakzionarismoaren hauspotzeari kaleak hartuz erantzungo diogu, beste urte batez. Gure bizitza eta gorputzetan sentitzen dugun biolentziari kolektibotasunetik eta irmo erantzungo diogu. Gazte feministok Baterajotzean hartu genituen indarrek antolakuntzan lur hartuko dute: autodefentsa feminisa aldarri eta aliantza politikoak tresna, lubaki feministatik erantzungo dugu.
Azaroaren 25ean kalera! Gora borroka feminista!
Euskal Herriko Gazte Feministak"