Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu berri da eskualdean eta ekimen ezberdinak egin dira herriz herri. Euskarari bultzada eman eta plazara ateratzea izaten da egun horretako helburua. Euskara gaitzat hartuta, Andoaingo AEK euskaltegira jo du Aiurrik, bertako ikasle talde baten bizipenak biltzeko.
Euskaraz hitz egiteko gogoak, euskaraz bizitzeko grinak elkartu ditu Reme, Bea, Manu, Rosi eta Laila Andoaingo AEK euskaltegian. A2 mailako taldea osatzen dute eta astean hirutan elkartzen dira Jone Tolosa irakaslearekin. Zailtasunak zailtasun, gogotsu ari da boskotea, euskaraz trebatzeko bide horretan.
Euskara helburu
Billabonatarra da Reme Vaz, eta bertan bizi da gaur egun ere. Astean hirutan gerturatzen da Andoainera, euskara ikastera. Motibazio garbi batek bultzatu du horretara: "Asko gustatzen zait euskara. Nire bi alabek euskaraz hitz egiten dute eta haiek animatu naute euskara ikastera. Pixkanaka, ari naiz". Cacerestik etorri ziren Remeren gurasoak eta bera Amasa-Villabonan jaio bazen ere, etxean ez zuen euskararik jaso. "Eskola publikora joan nintzen eta, garai hartan euskara ikasgai bat zen, oso ordu gutxi eskaintzen genizkion astean. Ez nuen euskara ikasi eta nire lagunartea ere ez zen euskalduna. Urteak aurrera, ikasteko pausoa ematea erabaki dut orain. Dagoeneko bigarren ikasturtea dut euskaltegian eta, pozik nabil. Astean hirutan etortzen naiz, bi orduko saioak izaten ditut eta etxean errepasatzen saiatzen naiz. Horrez gain, alabekin euskaraz egiten saiatzen naiz. Haiek animatu ninduten gehien euskaraz ikasteko garaian".
Zaila egiten zaio euskara, "aditzak batez ere", baina oso gustora dago euskaraz hitz egiteko saiakera egiten duenean inguruko euskaldunek egiten dioten harrerarekin: "Poztu egiten dira eta animatu egiten naute. Horrek indarra ematen dit". Taldekideek ere ikuspegi bera dute eta, euskara ikasteak ekartzen dizkien buruhausteen gainetik jartzen dituzte ikasteko gogoa eta ilusioa.
Integraziorako tresna
Jatorriz madrildarra da Bea Benito eta duela urte batzuk iritsi zen Euskal Herrira. Zizurkilen bizi da gaur egun eta, "familiarekin euskaraz hitz egin nahi dudalako hasi naiz euskara ikasten. Horrez gain, lanerako ondo etorriko zait euskaraz jakitea eta, batez ere, integraziorako oso tresna garrantzitsua dela iruditzen zait", azpimarratu du.
Ulermena
Euskaraz ia hitzik ere jakin gabe iritsi zen Bea Euskal Herrira. Lehen urteak pasata, pausoa ematea erabaki zuen eta, euskaltegian dabil azken hiru urtetan. Ikasketa prozesuan murgilduta dabil eta zenbaitetan zaila egiten ari zaiola aitortu du Beak, baina bere helburua finkatuta, tinko dihardu. "Ulermena hobetu dut, euskaraz hobeto hitz egitea da etorkizunerako nire helburua".
Lagunarterako
Manu Martin lasartearra da izatez, eta Amasa-Villabonan bizi da gaur egun. Hark ere ez zuen euskara jaso ume garaian. "Eskolako ikasgaia zen euskara, baina oso ordu gutxi eskaintzen zitzaizkion eta ez genuen ikasi. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit eta inguruko jendearekin euskaraz aritzea gustatuko litzaidake. Lagunartean, ezagunekin... euskaraz lasai eta erraztasunez hitz egitea gustatuko litzaidake". Ingelesa ikasten ere aritu da Manu azken urteetan eta orain, euskararen aldeko apustua egitea erabaki du. Erretiroa hartuta, buru-belarri ari da euskara ikasten. Pozik ari da zeregin horretan.
Gustora
Andoainen bizi da Rosi Gomez. Bere etxean ez zuen euskararik jaso eta eskola garaian ere ez zuen ikasi. Asko gustatzen zaio euskara eta horregatik erabaki zuen euskaltegian izena ematea. "Oso interesgarria iruditzen zait euskara eta asko gustatuko litzaidake menderatzea. Jendearekin euskaraz erraztasunez aritzera iritsi nahi nuke; horixe da nire helburu nagusia". Bigarren ikasturtea du Rosik euskaltegian, eta gustora ari da hura ere.
Hitz egiteko erraztasuna
Laila El Oikili andoaindarra ikasturte honetan bertan hasi da Andoaingo AEK euskaltegian. "Jendearekin hitz egiteko ikasi nahi dut euskara, bereziki seme-alabekin aritzea gustatuko litzaidake. Pena handi bat daukat nik euskararekin. Bederatzi urte nituela iritsi nintzen Euskal Herrira. Zarautzen bizi izan nintzen lehen urte haietan eta, izebak B ereduko eskolara eraman ninduen. Nire hobebearrez hartuko zuen erabaki hura, noski. Euskara ikasgai bat zen eta zerbait ikasi nuen, baina ez naiz hitz egiteko gai eta pena handia ematen dit. Garai hartan D ereduan ikasi izan banu, orain euskaraz hobeto jakingo nukeela pentsatzen dut. Aukera hura galdu izanak pena ematen dit".
A2 maila
Ikasturte honetan pausoa eman, eta euskaraz ikasten hastea erabaki du Lailak. A2 mailan hasi da zuzenean. Idatziz hortxe nonbait moldatzen dela aitortu du andoaindar gazteak, "baina ez daukat hitz egiteko erraztasunik, eta horixe da nire helburua; inguruko jendearekin eta seme-alabekin euskaraz hitz egin ahal izatea", azaldu du irribarretsu.
Animoak
Euskara ikasteko pausoa emanda, asko eskertzen dituzte inguruko jendearen animoak: "Euskaraz ikasten ari naizela jakiten dutenean asko pozten da jendea. Aurrera jarraitzera animatzen naute eta horrek indarra ematen du. Ni oso pozik ari naiz ikasten", azaldu du Remek.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 682 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.