Iritsi da 24. Korrikaren abestia, Pello Reparazen eskutik: "Xiberutikan mendebaldera"

Aiurri 2025eko abenduaren 11

Badu soinu-banda, jada, datorren urteko martxoaren 19an hasi eta 29ra bitarte iraungo duen Korrikaren 24. edizioak: "Xiberutikan mendebaldera" abestiaren erritmora abiatuko da Atharratzetik lasterketa erraldoia, hamaika gunen buruan Bilbon lur hartzeko. Pello Reparazek ipini dio doinua eta neurria kantari eta, besteak beste, bidelagun izan ditu Maixux Zugarramurdi eta Erramun Martikorena abeslariak. Gaur goizean egin dute aurkezpena Agoizko (Nafarroa Garaia) kultur etxean, Ane Elordi Korrika arduradunak gidaturiko ekitaldian. 

Aurten, Elordik adierazi bezala, lehen aldiz, AEK osoak "prozesu demokratiko baten  bitartez" aukeratu du edizio berriko abestiaren egiletza: "Aurrenekoz, AEK kide guztion artean erabaki dugu noren eskutan jarri Korrikaren kanta". Hala, begirune osoz zuendu zaio arduraduna  Arbizuko musikariari: “Eskerrik asko Korrikarako kanta zoragarri hau ekoizteagatik eta, are gehiago, musikatik euskarari eta euskal kulturari egiten diezun ekarpenagatik”. 

Reparazek hartu dio hitzaren lekukoa gero, haren ibilbide artistikoan “erantzukizun eta poz handienetako bat" izan dela nabarmentzeko: “Ez da enkargu hutsa: kantaren bidez euskarak eta Korrikak niri eman didatenaren zati bat itzultzea da”. "Ereserki zurrun" bat izatetik urruti, "mugimenduan dagoen komunitate baten sonoritatea" ematen ahalegindu da Reparaz, entzuten duenak "koru honen parte" sentitzeko xedez. Jendarteari euskarara hurbiltzeko gonbita luzatu nahi izan du abestiarekin: "Ez gara soilik hizkuntzaz ari, bizitzeko, elkar zaintzeko eta etorkizun duinago bat elkarrekin irudikatzeko modu bati buruz ari gara".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!