Gipuzkoako Foru Aldundiak 2026ko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –azalean bat, eta hilabete bakoitzean bana–.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Ekin. Zaindu. Bizi lelopean, eta markak hautsi ditu: 1.073 argazki jaso dituzte eta orain arte egin diren bederatzi edizioetatik parte-hartze handienekoa izan da.
Joserra Txintxurreta oñatiarraren lana eramango du egutegiak azalean: artaldearen aurrean artzain bat eta bere txakurra irudikatzen ditu, “ingurumenaren zaintzaren kulturari, ondo egindako lanari eta komunitate-bizitzari egindako omenaldi gisa”. 1.000 euroko saria jaso du, eta gainerako hamabi irabazleek, berriz, 250 eurokoa bakoitzak.
Gipuzkoako Argazki Elkartetik egutegia osatuko duten argazkien “kalitate teknikoa, narrazio indarra eta Gipuzkoaren berezko balioak eta bizimoduak islatzeko gaitasuna” nabarmendu dituzte. Multzoak begirada zabala eskaintzen dio lurraldeari, eta, Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, egutegi hau “irudi bilduma bat baino askoz gehiago” da: “Gipuzkoari buruzko kontakizun partekatu bat da, bertako jendeak egina”.
Urnietan, Andoainen, Adunan, Zizurkilen, Villabonan, Asteasun eta Larraulen
Abenduaren 13an, zapatuan, egutegiak banatuko dituzte: Urnietan, San Juan kalean (udaletxe parean), 11:30etik 12:30era; eta Andoainen, Goiko plazan, 13:00etatik 14:00etara.
Abenduaren 14an, igandean, banaketa egingo dute: Adunan, Herriko plazan, 10:00etatik 11:00etara; Zizurkilen, Joxe Arregi plazan, 11:30etik 12:30era; Villabonan, Errebote plazan, 13:00etatik 14:00etara; Asteasun, Herriko plazan, 16:00etatik 17:00etara; eta Larraulen, Herriko plazan, 17:30etik 18:30era.