“Bezeroei esker atera gara aurrera”

Ainhoa Gil 2025eko abenduaren 23a

Joxe Arruti, Gabonetarako produktuekin.

Hogei urte dira Arruti gozotegiak Andoainen okindegia eta gozotegia zabaldu zuenetik. Joxe Arrutik eta Sonia Murillok daramate negozioa aurrera. Ibilbideaz jardun du Aiurrirekin Joxe Arrutik.

Nola gogoratzen dituzu lehen egun haiek?

Donostiako gozotegi batean ari nintzen lanean eta, Andoainen gozotegi bat salgai zegoela esan zidaten. Bertara etorri, ikusi, eta aurreko jabeekin hitz egiten aritu ondoren, pausoa ematera animatu ginen; emaztea lehendabizi, eta ni atzetik. Inbertsio handi xamarra zen, eta beldur pixka bat sentitu genuen. Gainera, Zumea ingurua oraindik nahiko hutsa zegoen urte haietan. Etxeak eginda zeuden, baina jendea bizitzera etortzeko zegoen. Ez genekien nola joango zen apustu hura. Gure soldatatxoa lortu eta bizimodua bertatik ateratzea zen gure asmoa eta pixkanaka, lortu genuen hala izatea. Urteak aurrera, gozotegiak berak bultzatu gaitu; ingurukoen babesarekin, ahoz aho ere zabaldu zen gure berri...  horrela iritsi gara gaur egunera arte. 

Andoaingo Zumean dago Arruti gozotegia. Zeintzuk dira zuen bezeroak?

Andoainen bere tokia hartu du gure gozotegiak eta herriko bezero asko hurbiltzen da.  Horrez gain, inguruko herrietako jende askok ere bere babesa eman digu; Urnieta, Larraul, Asteasu, Amasa-Villabona, Tolosa...

"Oso gustora gaude horrekin, baita harrituta ere. Inguruko jende hori etortzeak bultzada handia eman digu"

Zer eskaintzen du  Arruti gozotegiak?

Merkatuan ez dago modu artisauan landutako produktuak erosteko aukera handirik. Generoa apreziatzen duen jendeak, kalitatearen aldeko apustua egiten duen jendeak, gurera etortzeko hautua egiten du. Egunerokotasunean etortzen ez direnak ere, festetan, ospakizunetan, egun berezietan... gurera gerturatzea erabakitzen dute. 

Bestalde, askotan jendea harritu egiten da gure prezioekin. Modu artisauan landutako produktuek garesti izatearen fama dute. Guk hala lantzen ditugu gure produktuak, baina merkatuko prezio beretsutan gabiltza eta jendea harritu egiten da. Gure ogia, esaterako, ama orearekin egina, merkatuko ogiaren prezioan saltzen da.

"Generoa apreziatzen duen jendeak, kalitatearen aldeko apustua egiten duen jendeak, gurera etortzeko hautua egiten du"

Artisautza izan da zuen apustua hasiera-hasieratik...

Bai, obradorea dendaren aldamenean izatea da gure abantailarik handiena eta bagenekien hori aprobetxatu beharra genuela. Genero berria, freskoa eta etxean egindakoa saltzen dugu, horiek dira gure baliorik nagusienak. Goxotasunarekin eta mimoz egindako produktua eskaintzen dugu eta ikusi dugu bere garaian egindako apustu hori ona izan zela. 

Zein beste indargune azpimarratuko zenuke?

Bezeroekin ikaragarrizko harreman polita daukagu, konfiantza osoa ematen digute eta guk ere halaxekoa dugu haiengan. Elkarren arteko konfiantza hori oso garbi ikusten da hemen. Huts-egiteak egin izan ditugu, noski, baina gure lanak beti ematen du huts-egite horiek konpontzeko aukera. Hurrengo eskaeran edo bezeroa ikusitakoan, barkamena eskatu eta egindako hankasartzea konpentsatzen saiatzen gara. Beti jokatzen dugu garbi bezeroekin eta hori eskertu egiten dute. 

Oso eskertuta gaude bezeroekin. Harreman pertsonala dugu haietako askorekin eta ez dago hori ordainduko duen dirurik. Haiei esker atera gara aurrera. Jendea fidela da eta hori eskertu egiten da. Donostian, adibidez, pasoko jendea izaten dira bezerorik gehienak. Gurean, bertakoak dira erosle gehienak, guregan konfidantza dutenak.

Jendearekin oso garbi jokatzen saiatzen gara beti. Adibidez, urte osoan ez dugu bonboirik egiten, Gabonetan bakarrik. Bonboiak erostera etortzen denari garbi azaltzen zaio hori. Ez dugu gordetzeko ezer.

Nolakoa izaten da zure egun bat?

Goizeko bostak aldera iristen naiz gozotegira. Enkarguak bideratzea izaten da lehen egitekoa. Hortik aurrera, eguneroko generoa ateratzen hasten naiz. Duela zenbait urte, merkatuaren egoerak bultzatuta, aldaketa bat egin behar izan genuen dendan. Inguruan ogia eta kafetegi zerbitzua eskaintzen zuten dendak irekitzen joan ziren, eta gu ere ogia egiten hasi ginen. Goizean, eguerdian eta arratsaldean egiten dugu ogia, eta mota ezberdinetakoak ekoizten ditugu. Ama orearekin egiten dugu ogi guztia, asmatu egin genuen gure eskaintzarekin eta jendeak asko eskertzen du. Aukera zabala dugu ogietan eta labetik zuzenean joaten da bezeroarengana. 

"Ama orearekin egiten dugu ogi guztia, asmatu egin genuen gure eskaintzarekin eta jendeak asko eskertzen du"

Gure lanaren beste abantaila bat da guk egindako produktu ia-ia guztia dendan bertan saltzen dugula, banaketa handirik egin beharrik gabe. Jendearen gertutasun hori galdu gabe egiten dugu lan. Andoaingo Anita dendara eramaten dugu produktuak, baina hortik aurrera ez dugu banaketa gehiagorik egiten. 

Hogei urteko bidea egin duzue dagoeneko. Sumatu al duzue aldaketarik?

Ospakizunak asko aldatu dira. Lehen jende gehiago biltzen zen ospakizunetan. Orain, familiarteko jaiak bereziki, txikiagoak dira. Lagunartean, elkarteetan, jatetxeetan, jende talde handiagoak elkartzen dira, baina familiartekoak mugatuagoak dira. Sozializazioa aldatu egin dela esango nuke. Eguberrietan nabarmena da hori; lehen familia zabala elkartzen zen, orain etxekoen artean egiten da ospakizuna.

Merkatuak bultzatuta, beste joera bat ere ikusten da. 40 urtez azpiko jendeak gauza berriak probatzeko gogoa izaten du; pistatxoa, trufa... Jende helduagoak berriz, gehiago jotzen du klasikoetara; hojaldrea, bizkotxoa... Klasiko horiek dira orokorrean nagusi, baina gazteen artean gauza berriak probatzeko gogoa sumatzen da. 

Gainerakoan, denda txikien egoerak kezkatzen nau. Oso zaila dago eta, laguntzarik izan ezean, desagertzen joango dira. Guk gure bidea egingo dugu, baina oso zaila izango da norbaitek jarraipena ematea. 

"40 urtez azpiko jendeak gauza berriak probatzeko gogoa izaten du; pistatxoa, trufa... Jende helduagoak berriz, gehiago jotzen du klasikoetara; hojaldrea, bizkotxoa..."

Hogei urteko bidea beteta, ospakizun berezirik egingo al duzue?

Andoaingo jendeak ikaragarri lagundu digu eta  benetan eskertuta gaude. Jendearen konfidantza irabazi dugu eta lasai jotzen dute guregana. Oso harreman estua dugu askorekin eta hori guztia eskertzeko, urteurrenaren aitzakian, zozketak egiteko asmoa dugu. Abenduaren 22an egingo dugu lehendabizikoa; irabazleak gabonetako generoa eramateko aukera izan dezan. Urtarrilaren 4an, berriz, errege opila zozketatuko dugu. 

Errege opilekin ere aldaketa nabarmena bizitu dugu urteotan. Lehen urtarrilaren 6an saltzen ziren errege opil guztiak; gaur egun berriz, asko dira urtarrilaren 5ean eramaten dutenak. Horrek erraztu egin du pixka bat gure lana; urtarrilaren 6ko lan kolpea ikaragarria izaten zen eta orain bi egunetan banatzen da. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 683 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!