“Oldarraldi judizialaren azken gordintzeari etena jartzeko” Miribillarako deialdia egin die Kontseiluak euskaltzaleei

Aiurri 2025eko abenduaren 19a

Abenduaren 27an Miribillan egingo den ekitaldirako gonbitea luzatu zien euskaltzaileei Kontseiluak, Martin Ugalde Parkean atzo egin zuen agerraldian. “Euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi judiziala gordintzen” ari dela salatu du, eta sententzien atzetik “gaztelaniaren nagusitasuna eta euskara bigarren maila batean mantentzen duen hizkuntza-ideologia supremazista” dagoela kritikatu du.

Hona atzoko agerraldian irakurri zuten adierazpena (bideoan, ikusgai, behean):

“Euskalgintzaren Kontseiluan batzen garen eragileok irmoki salatu nahi dugu botere judiziala euskararen ofizialtasuna deseraikitzen ari dela. Azken urteetan auzitegietatik hizkuntza-politikaren joko-arauak aldatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jurisprudentzia murriztaile berri bat ezarriz eta botere legegileari eta erakunde publikoei dagokien eskumen arautzaile bat berenganatuz. Ondorioz, euskararen aurrerabidearen mugak jada ez dira hemengo araudiarenak, epaitegietatik ezartzen direnak baizik.

Hain zuzen, kontsentsu berri baten premia nabarmenena den unean, horretarako bulkada berri bat sortzen ari denean, ia mende erdiz indarrean izandako kontsentsuak hautsi ditu botere judizialak, hizkuntza-eskubideak gutxienean bermatzeko sistema bera auzitan jarriz. Euskararen normalizazioa blokeatu dute, eta jada arazoa ez da ezin dugula aurrera egin, baizik eta atzeraka goazela.

Azken aste eta hilabeteetan ikusi dugu: Aldundiak eta udalak aurrez adostutako hizkuntza-eskakizunetan murrizketak egiten ari dira, udalerri euskaldunenetan ere ezin da euskara hutsez funtzionatu, zerbitzu publikoetan ezin da lehen hitza euskaraz izan dadin eskatu, formakuntza ezin da euskaraz izan langile euskaldunentzat. Eta, larriena, atzerapausoei konponbidea jarri asmoz eztabaida epaitegietatik legebiltzarrera eramaten bada, botere judiziala eztabaida legegileaz jabetzen da epaitegietara bueltan eramanez. Kasu honetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera.

Ez da joera berria. Izan ere, euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldiak lehendik ere ezagunak zaizkigu, bai Nafarroan eta bai EAEn, baina egun bizi dugunak ez dauka aurrekaririk: bi urte eskaseko epean 100 sententziatik gora izan dira euskararen normalizazioaren aurka emandakoak. Hau da, astero bat. Guzti honen atzean hizkuntza-ideologia supremazista dago, euskara betirako minorizatua nahi duena, gaztelaniaren nagusitasun estatusa mantentzea helburu duena.

Ez da harritzekoa epaileen artean dagoen euskararen ezagutza eta sentsibilitate murritza aintzat hartzen badugu. Legez elebiduna den lurralde honetan, epaileen % 6ak soilik du egiaztatuta euskara gaitasuna, eta epaiketen % 0,1 ere ez dira euskaraz egiten. Justiziarena administrazio elebakarra da, ezagutzan eta jardunean. Are, euskararen aldeko neurrien defentsa gaztelaniaz egin behar da. Hori ere bada oldarraldi judizialaren ezinbesteko osagai bat, Europako Kontseiluak eta Hizkuntza Gutxituen Gutunaren aditu batzordeak sarritan salatu duten bezala.

Hau ordea, ez da gure arazo partikularra. Ez dugu uste kasualitatea denik oldarraldia heldu den unean heldu izana. Hain zuzen, euskararen normalizazioaren aldeko bulkada berri bat indartzen ari denean. Mundu mailan, Europan eta hau osatzen duten hainbat estatutan inboluzio zantzuak agerikoak dira. Urte luzetako borrokari esker eskubideen alorrean egindako aurrepausoak desegiten ari dira giza-eskubideetan, auzi sozialetan, genero berdintasunean, migrazioan… diskurtso atzerakoiak nagusitzen ari dira. Testuinguru horretan kokatzen da, besteak beste, eskuin muturraren gorakada. Inboluzio horren baitan kokatzen dugu euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aurkako oldarraldi judizial eta politikoa.

Espainiako Estatuan dinamika hau premisa baten ardazten da: gaztelaniaren pribilegio estatusa mantentzea eta hizkuntza-berdintasuna oztopatzea, kosta ahala kosta. Horregatik, kezkaz bizi dugu euren burua aurrerakoitzat duten hainbat hedabide, sindikatu eta alderdi politikok euskararen aurkako oldarraldi judizialarekiko duten jarrera negazionista. Lawfarea, hau da, motibazio politikodun jazarpen juridikoa, agerikoa baitzaie eta irmoki salatzen baitute galiziera eta katalanaren kasuetan edo beste hainbat alorretan, euskararen aurkakoa ukatzen edota, are, justifikatzen eta sustatzen duten bitartean.

Euskara betirako minorizatua eta bigarren maila batean nahi duen gutxiengo horren aurrean, aktibaziorako deia egiten diegu euskaltzaleei, euskararen auzia lehen lerroan jarri eta aro berri bati bide emateko. Oldarraldiari hesia jarri eta aurre egitetik aurrera egiteko Enplegu Publikoaren Lege aldaketa lehen urratsa besterik ez da. EAEko Autonomia Estatutua eta Nafarroako Foru Amejoramendua berritzeko eztabaidak martxan diren honetan, euskarari estatus berri bat emateko unea da, ofizialtasun oso eta erreal bat aitortuko diona, gutxienez gaztelaniaren pare jarriko duena eta hizkuntza-eskubideak estatutu-eskubideen mailan kokatuko dituena.

Mende erdi honetan aurreratu dugun bidetik atzera ez egiteko, euskararen normalizazioak behar duen eta euskaraz bizitzea posible egingo duen hizkuntza-politika berria erabakitzeko burujabetza berreskuratu behar dugu. Azken finean, burujabetza hori baita eskubideak sortzeko boterea.

Horretarako, badugu lehendabiziko hitzorduko bat: abenduaren 27an Bilbon, Miribillan. Elkartu gaitezen euskaltzale guztiok oldarraldiari erantzuteko, atzeraldia indarraldi bihurtzeko, euskarari Pizkunde berria emateko. Euskaltzaleon garaia da!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!