Badatoz, hemen dira Gabonak! Lan eta lan arituko zarete honezkero… Zeintzuk dira azken txanpako eginbeharrak?
Mari Domingi: Bai... Abendua iristearekin batera urtero urduritasuna ere iritsi ohi da gurera!
Eta baditugu zenbait lan azken egun hauetan, bai. Beti jasotzen ditugu azken momentuan bidalitako gutun batzuk eta horiek mimoz irakurtzen aritzen gara iluntzean sutondoan. Ezta, Olentzero? Opari horiek prestatu, beste batzuk biltzeaz amaitu, ikatza zakuetan sartu, haur guztien helbideak birpasatu...
Olentzero: Horrekin lan galanta izaten dugu, bai! Urtero-urtero mapa kaxoitik atera behar izaten dugu, aurreko urteko helbideak ahaztuta izaten baititugu... Eta helbide berrien zerrendak ere iristen zaizkigu abendua ailegatu bezain pronto. Hori bai pozgarria, urtero helbide berriak egoteak esan nahi du haur berriak daudela gure artean!
Dena dela, noiz hasten zarete Gabonei begirako prestaketan?
Olentzero: Urte osoko lana izaten da... Baina goxotasunez eta lasai hartzen saiatzen gara. Adin bat dugu jada eta patxadaz egin behar ditugu gauzak! Garai batean bai, bixi-bixi aritzen ginen biak! Orain betaurrekoak hartu eta, Mari Domingik esan bezala, hortxe egoten gara batak besteari gutunak ozen irakurtzen.
Mari Domingi: Baserriko lanak ere egiten ditugu bien bitartean. Txondorrak egin eta zaindu behar dira, abereekin egon, belarra egin... Lan handia izaten dugu! Gabonen prestaketa gure zeregin kuttuna izaten da, egunerokoa goxatzen baitigu.
Gabon gauean, afalorduan, lanean egon ohi zarete... Zerbait jaten al duzue indarra hartzeko?
Olentzero: Indarra behar da Gabon gauari aurre egiteko eta, badaezpada, beti daramagu zerbait etxetik: gazta pixka bat, ogi zati batzuk... Baina etxe guztietan izaten dugu jatekoren bat edo beste eta bapo amaitzen dugu gaua!
Mari Domingi: Bai! Joan den urtean Napo astoa etxera ezin itzuli ibili zen, gaileta gehiegi janda, antza... Egun batzuk pasa behar izan zituen soilik belarra jaten! Oso eskertuta gaude herri eta etxe guztietan egiten diguzuen harrerarekin!
Opariak banatu eta banatu izaten zarete Gabonetan. Zuek, baina, jasotzen al duzue sorpresarik?
Mari Domingi: Urtero, oparitxoren bat egiten diogu elkarri, eta zer nolako poza ematen duen sutondoan zure izena duen paketetxoa topatzeak, ezta, Olentzero?
Olentzero: Bai! Orduantxe sentitzen dugu zuek sentitzen duzuenaren zatitxo bat...
Hala ere, guretzako sorpresarik handiena zuen aurpegiak ikustea izaten da, herrira iristean besoak zabalik jasotzen gaituzue urtero-urtero! Horrek ez du parekorik!
Zer moduz portatu dira eskualdeko haurrak aurten?
Mari Domingi: Kasketak izan dira, bihurrikeriaren bat edo beste, gezurtxo batzuk handik eta hemendik... Baina barreak ere nonahi izan dira, jolasa, talde-lana, elkarrizketak, eztabaidak, besarkadak... Haurtzaroa gure kuttuna dela badakizue eta den bezalaxe maite dugu! Hortaz, etxe guztietan izango dira opariak.
Ikatz zatiren bat edo beste banatzea tokatuko zaizue, ziurrenik…
Olentzero: Ikatz zatitxo batzuk utziko ditugu han eta hemen... Baina helduei utziko dizkiegu gehienak! Helduek haurrago izaten hasi beharko dute ikatza jasotzeari utzi nahi badiote! Lan gutxiago eta jolas, hitz, begirada eta barre gehiago behar ditugu haiengandik!
Urteari errepasoa ematen zaio, askotan, Gabonetan. Zer nolakoa izan da zuen 2025a?
Olentzero: Lasaia izan da... Esan bezala gero eta patxada handiagoz hartzen dugu egunerokoa, nahiz eta gelditu gabe aritzen garen.
Mari Domingi: Birus bat edo beste hartu dugu, baina osasuntsu egoten eta elkar zaintzen jarraitzen dugu. Urte ederra izan da, emankorra. Baratzak uzta ederra ekarri digu, arkumeak eta txitak jaio zaizkigu baserrian... Eta gutunak jasotzen jarraitu dugu, ipuinekin batera gure irakurgairik gogokoena.
Hemen da 2026. urtea. Ezer berezirik desio al diozue datorrenari?
Mari Domingi: Mundu aztoratu honetarako bake pixka bat nahi genuke. Eztabaida osasuntsu gehiago, elkar zaintza eta entzutea.
Olentzero: Etxe epel bat, osasuna eta maitasuna pertsona ororentzat. Hori da desio duguna.