Urnietan hartu dituzte Stranger Thingsen amaierako kapituluko irudiak

Aiurri 2025eko abenduaren 28a

Urtarrilaren 1ean Stranger Things telesailaren azken kapitulua ikusgai izango da Netflixen. Zurrumurru indartsuen arabera, azken kapituluko irudiak Urnietako Goiburu aldean grabatu zituzten.

Urnietan gauza arraro asko gertatu da azken urteotan, baina zurrumurruak baieztatzen badira,  inoizko gertaerarik strangerrena litzateke: nazioarteko telesail ezaguna bertan grabatu izana! Urtarrilaren 1ean jakingo da, orduan ikusi ahal izango baita azken kapitulua.

Nerabe, gazte eta ez hain gazteren gustuko telesaila da, ziurrenik, munduan gehien ikusle batu dituenetakoa. 1980ko hamarkadan girotuta, istorioa Hawkins izeneko (Indiana, AEB) herri txiki eta fikziozko batean kokatzen da. Bertako biztanleak Upside Down izeneko dimentsio alternatibo eta etsai batekin aurre egiten hasten dira, inguruan dagoen giza esperimentazioko instalazio batek dimentsio horren eta mundu normalaren artean ate bat irekitzen duenean.

Esperimentaziorako joera, Urnietan

2021eko urtarrilean Aiurrin honako hau argitara eman zen: "Gabonez geroztik, Agroaldea haztegian (Xoxokako bidean, Urnieta) arrosa koloreko argi fluoreszentea ikusten da; oso ikusgarria egiten da urrunetik ere. Baserriko produktuak ekoizten dituen enpresa da bere eragilea, eta esperimentazio fasean dagoen egitasmo bati ekin dio; tomatearen ekoizpenean argi artifizial horrek daukan eragina jakin nahi du".  

Laur urte geroago, eskualdean, nonahitik ikus daiteke argi artifizial hori, eta batez ere ilunabar aldera eta behe lainoko egunetan, egunaren argia ezkutatu ahala, era askotako efektu bisualak eragiten ditu.

Ziur ez zela fenomenoa oharkabean igaroko Matt eta Ross Duffer anaientzat. Stranger Things AEBetako suspense, drama, zientzia-fikzio eta beldurrezko telesaila da, Netflixek ekoitzi eta banatua. Gaurdaino izan duen arrakasta sekulakoa izan da.

Nork daki, akaso, azken irudietan Urnieta agertzen da! 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!