Etzakiten lehen emanaldia 1995eko Errege bezperan izan zen. Bada, lehen kontzertua eman eta 31 urtera taldea Oialumera itzuliko da, hiru emanaldi berezi eskaintzera.
Jon Garmendia Txuria-ren idatzia
"Aspaldi, herriko plazek belarriak zeuzkaten, lurzoruak bihotza zeukan, eta hanka-punttetan dantzari zebilenak kilimak egiten zizkion lurrari. Erromeriaren kolorea ikusten zen muxugorrien oinetan, euskarazko ahots kantuen hari fina, trikitixaren magia doinu modura hedatzeko; alaitasuna zabalik zegoen, ate bat balitz bezala, festaren bukaerak itxiera agintzen zuen arte. Muxu bat, agur eta laster arte, bai, plazan irribarrez berriro elkartu arte.
Hanka-punttetan erretiratzen ziren asko etxera, pasilloko zoruari olio leun bat emanaz, gurasoak ez zitezen ohartu zein ordutan ailegatu ziren.
Gaztea zen bizitza, zoriontsua, eta arina, haizearen orri bat bezala, begipuntuan egun berriaren gurpila; eta zaharrak amodioaren amaraun bihurtzen ziren, memoriaren gordeleku, denboraren joana mantsotu eta hanka-punttetan aurrerantza joateko pozarren.
Beste erritmo bat zeukan aspaldiko garai hark, beste xarma bat, beste historia bat. Ez zeukan behintzat oraingoaren abiadura frenetikoa, ohartzerako pasatu egiten baitzaigu bizi-denbora hau ispiluari begira gaudela.
Itsasertzik gabeko plazak,
soinuak uhaindutako harri-itsasoak:
pausoak urazaleko hitzak,
eta txaloak gozamenezko ubera.
Ilargiak pandero bat du zintzilik geroztik
iragana noiz berrituko den zain balego bezala,
eta gauek, lagunartearen besotik,
gorputzak xamurtzen dituzte irrintzi baten esperoan:
Ez zapaldu denborari zauria, baizik laztandu; hanka-punttetan, laztandu.
Erromerietan, konplizidadeen hariekin ehundu zen adiskidetasuna, baikortasuna, esperantza. Justuki, egungo garai ilunek behar duten hori guztia. Horregatik elkartu gara gure erromeria lagunekin, Gozategi, Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar, Amaia eta Kristina, epoka haren gaurkotasuna aldarrikatu eta ospatzeko.
Hori da bere xumean hanka-punttetan abestia: Isiltasunari ebatsitako promesa bat, soinuari egindako leku bat, iragana orainaren testigantza gisa: abiadura handiko bizitza hau ekarri digun teknologiari uko egin, hatz-punttak pantailetatik erretiratu eta hanka-punttetan berriro hasteko gonbidapen gozo bat."
