Txotx denboraldia 2026

Sagardotegi denboraldi berria aurkeztu dute

Aiurri 2026ko urtarrilaren 9a

Sektore osoa eta hainbat administrazioetako ordezkariak elkar hartuta, aurtengo uztaren berri eman dute.

2026ko sagardotegi denboraldia aurkeztu du gaur Sagardo sektoreak Donostiako Konstituzio Plazan. Bertan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardogileez gain, Nafarroa eta Iparraldekoak ere izan dira. Horrenbestez, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan, herrialde guztietako sagar eta sagardo sektoreak bateratzeko egiten ari den lana irudikatu eta azaldu nahi izan da eta horretarako herrialde guztietako ordezkariek hartu dute parte.

Nolakoa da 2026ko Txotx denboraldian dastatuko dugun sagardoa?

Uzta handia jasotzeko aukera izan du aurtengoan sektoreak eta kalitate handiko sagarra izan da orokorrean. Dena den, nagusiki neguko hotz faltak eraginda, espero baino %15 sagar gutxiago bildu da leku batzuetan. Iaz baino sagardo arinagoak izango dira orokorrean eta %6 inguru alkohol dutenak. Sagardogileak oso gustura daude, bildutako sagar kopuruak upategian lana egoki egiteko aukera eman duelako. Produktu desberdin asko ikusiko da sagardotegietan eta poliki-poliki, merkatuan. Azken urteetako sektorearen lanak eta sagar urtea izateak eragin dute hori. Txotxean, orokorrean, aukera oso zabala izango dugu, sagardo desberdinak aurkitzeaz gain, heldutasun puntu desberdinean daudenak ere aurkituko baititugu. Hori dena sagar urtearen adierazle izan ohi da. Gaur egun 250 sagargile daude Euskal Sagardoan, guztira 475 hektarearekin. Asmoa da kopuru honek gora egitea, bai sagargile kopurua eta baita sagasti hektarea kopuruan ere, eta uztak orekatzeko pausoak ematea. Bide horretan, 170 hektarea berri aldatu dira Gipuzkoan azken urteetan, eta hauetako batzuk aurten sartu dira produkzioan eta indarrean sartuko dira datozen 3-4 urteetan.

Bi hitzordu, gertu, datozen egunotan

URTARRILAK 16, OSTIRALA:

  • Urnietako Sagardotegien irekiera Eula Sagardotegian, eguerdiko 12:00etan.
  • Andoaingo Sagardotegien irekiera Mizpiradi Sagardotegian, iluntzeko 20:00etan.
Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!