Aiurri.eus webgunearen trafikoaren jarraipen txostenari erreparatuta –2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa–, edukien kontsumoa nabarmen handitu da. 2024tik 2025era, 100.000 orrialde gehiagotan egin dute klik erabiltzaileek. Egunean, batez beste, 4.107 orrialde. Google Analytics neurgailua oinarri hartuta, Behategiak egindako zenbaketa da hori. Eta gehienak, ia %80, eskuko telefonoetatik egin dituzte herritarrek.
Eduki ugari, askotarikoak, sortu zituen iaz erredakzio-taldeak: 1.200 artikulu, 873 bideo, 701 argazki-bilduma… 2.774 dira sorturiko albisteak hiru atal horiek soilik aintzat hartuta, 7,6 dira eguneko. Eta horri gehitu behar zaizkio fotonotiziak, agendako hitzorduak, zorion-agurrak... Hartzailegoak non aukeratu izan duela, finean. Klik eta klik eginez osatuz joan da urte osoko audientzia.
Bi urtez joera egonkorra izatetik, jauzi handi samarra eman da 2025ean. Orotara, ikusitako orrien portzentajea % 7,5 hazi da. Klikatutako orrialdeak, urteka:
- 2023 1.414.228.
- 2024 1.395.016.
- 2025 1.499.156.
Igoera hori egunez eguneko kopuruan hobeto antzematen da. Klikatutako orrialdeak, eguneko:
- 2023 3.874.
- 2024 3.821.
- 2025 4.107.
Hala, datu hotzei erreparatuta, arreta gehiago bereganatu du Aiurri.eus webguneak eta portaera horren adierazleak horrela laburbildu daitezke: audientzia maizago sartzen da, eta egiten duen aldiro orrialde gehiago ikusten ditu. Hots, urtetik urtera arretagune gehiago topatzen duela Aiurriko edizio digitalean: lehen orrialdeko albisteez gain, argazki-galeriak, Komunitatea atala, Heriotz-oharrak, Santakrutzak, Sanmielak eta jaiekin zerikusia duten gainerako kanal bereziak…
Urte osoan joera egonkorra du, lantzean behineko gorabeherekin. Izan ere, tarteka, zabaldutako eduki jakinekin ohiko mugak hautsi eta audientzia biderkatzen delako. Atzera begira jarrita, 2025ean, igoera pikoak izan ziren honako albiste hauen ondorioz: Txanpi musikariaren heriotza, 1975eko kintoen argazki-albistea, Arantza Irigoras zendu zenekoa, Goiburutik Unanibirako bidean trabatuta geratu zen ibilgailuarena, Juantxo Lopez de Munainen heriotza, Andoaingo irudiak jasotzen dituen filmazio zaharrena, sutea eta erreskatea Aita Larramendi 26 kalean, Urnietako txosnen auzia, Jose Manuel Erkiziaren heriotza, Andoaingo eta Urnietako Inauterien albistea…
Ez ohiko igoera horiek alde batera utzita, bisitarien kopurua egonkorra izateko gakoa hedabidearen identitatean datza: tokiko informazioa da motor nagusia. Eta, zorionez, garapen positiboarekin: erabiltzaile fidelen jarduera handitu egin da eta, gainera, eduki gehiago kontsumitu dituzte. Datu kuantitatiboek portaera erakusten dute; sarbide-moduek, berriz, markaren sendotasuna. Azter dezagun hori, segidan.
Aiurri.eus, marka sendoa
Aiurrira sartzeko sarbide nagusia Aiurri.eus klikatzea da, alde handiz gainera. Horrek esan nahi du jendarteak atari digitalean sartzeko URL zuzena idazten duela, edo nabigatzaileetan gustuko orrialde-markatzailean ezarrita duela, edo bilatzailean “Aiurri” jartzen duela. Intentzio argia duen audientzia da, propio baitoa Aiurri.eus webgunera, beren herrian eta inguru hurbilean zer gertatu den jakin asmoz. Aiurri.eus eta gero Andoain, Urnieta, Amasa-Villabona, Asteasu, Zizurkil… herri-orriak funtsezkoak dira Aiurrira datorren trafiko digitala aztertzeko garaian.
Erabiltzaile fidelen pisua argia da, oso leiala eta esperientzia errepikatzeko joera duena. Profila modu argigarrian deskriba daiteke, kolokialki: Aiurrikoa ez da “albiste batek harrapatu nau Googlen” profila; baizik eta “badakit nora joan informazio bila” pentsamendua buruan duena. Komunikazio-ikuspegitik balio handikoa da hori: audientzia Aiurrira sartzen baita, eta ez du ausaz Aiurrirekin topo egiten. Erreferentziazko marka lokalaren ezaugarriak betetzen ditu, beraz, Aiurri hedabidearen webguneak.
Ondorioa honako hau da: Beterri-Aiztondo eta Beterri-Buruntzako irakurleentzat informazioaren atea da Aiurri. Eta bertara sartzeko joera errepikakorra dute, gainera. Gehiengoarentzat ez da ustekabeko aurkikuntza, kontsultatu beharreko hedabidea baizik. Azalpen grafiko batekin hobeto uler daiteke: “Gaur zer gertatu da nire herrian? Begiratuko dut Aiurrin”. Horixe litzateke, nolabait, hartzailearen pentsamendua.
Interneten edukiak sortzen dituzten gainerako hedabideen aurrean posizio indartsua ematen dio horrek Aiurriri: webguneko erabiltzaileek bere burua bertan ikusten baitute, ziurrenik, beste hedabideetan ezin dutelako hain erraz eskuratu interesekoa dutena. Jendea propio sartzen da gure webgunera eta hori marka indartsuaren seinale garbia da. Milioi eta erdi orrialde bistaratu dituen hartzailegoari Aiurri fidagarria, gertukoa eta behin eta berriro kontsultatzeko modukoa iruditu zaio. Eta hori guztia, euskarazko hedabide baten eskutik.
Kontaera berrien aldeko urratsa
Marka sendo batek badu arrisku bat: audientzia berriak atarian geratzea. Bide horri aurre egiteko, Aiurrik apustua egin du albisteak segundo gutxitan laburbiltzen dituzten bideo bertikaletan. TikTok, Instagram eta gisa bereko plataformatan zabaltzen diren eduki horiek sarrera-puntu berriak dira, eta webguneko "Azkar batean" atal berrian ere txertatu dira. Horren bidez, Aiurri ez da soilik kontsultatzeko gune bat, baizik eta erabiltzailearengana heltzen den marka ere bada, bere izaera informatiboa galdu gabe.
Buletinak, lasterbidea webgunera
Ohiturazko bisitekiko mendekotasunari aurre egiteko, erabiltzailearen eguneroko kanaletan txertatu du informazioa Aiurrik. Astelehenetik ostiralera, Telegramen eta WhatsAppen hiru buletin informatibo zabaltzen ditu: Andoaingoa, Urnietakoa eta Aiztondokoa. Horren bidez, webgunera sartzea ohitura bat izateaz gain, Aiurriren informazioa erabiltzailearengana heltzen da modu aktiboan, udalerrika egokituta eta erritmo finkoarekin. Buletinek webguneko ohitura osatzen dute, ez ordezkatzen.
Erronka, gerora begira
Bisitaldien gorakada da, akaso, azkar batean urte osoko jarduna ontzat edo txartzat baloratzeko aldagaia. Horretara mugatzea, ordea, sinplea litzateke. Eta esango genuke Aiurriren erronka nagusia ez dela presentzia handitzea, baizik eta norabidea argi mantentzea: kanalak ugaritu, formatuak dibertsifikatu eta komunitateak sendotu dira. Aiurrik badaki non duen indarra, bereziki, tokiko komunitatean, ohiko kontsultan eta irakurleengan sortzen duen konfiantzan. Hortik aurrera, hazkundea ez litzateke kopurutan neurtu beharko soilik, baizik eta hedabidearekiko loturan, erabileran eta eguneroko erreferentzialtasunean.
Aiurrik ez du edukia soilik argitaratzen; komunitatea elikatzen du
Edukiak etengabe berritzen dira formatuan eta ikuspegian. Hainbat hobekuntza eta eraldaketa egin ditu Aiurrik, TOKIKOMekin lankidetzan, azken hilabeteotan:
- Argazki-galerien gorakada. Kopurua urtez urte handitzen da. Kasu horietan erabiltzaileak ez duelako informazioa soilik kontsumitzen; bere burua bilatzen du irudien artean.
- Kirol klubak Komunitatea atalean. Klub bakoitza, hein batean, komunitate bat da. Emaitzak, sailkapenak eta ordutegiak argitara ematean erabilgarritasun handiko informazioa zabaltzen ari gara. Eta denboraldi osoan argitaratutako albisteek testuingurua ematen diote astez asteko martxari.
- Heriotz-oharrak, "In Memoriam" atala. Informazioa ematen digu eskelak eta Aiurri.eus webgunean areagotuz doaz, urte urte. Eta "In Memoriam" atalak memoriara itsasten gaitu, gure hurbileko jendartera eta bizi-esperientzia amankomunera.
- Aiurri.eus-eko artikuluak entzuteko aukera. Batez ere baliagarria da beste zereginetan jarraitu eta irakurtzeko denborarik ez dutenentzat, mugitzen doazenentzat (oinezkoak, gidariak, kirolariak) eta ikusmen-arazoak dituztenentzat. Garapen hori ez da gehigarri tekniko hutsa; inklusioa da.
- Izenburuak eta sarrera automatikoki itzultzen dira hainbat hizkuntzatara. Euskara ikasten ari direnentzat, adibidez, edukia ulertzeko ate bat da.