Andoainen, gainera, egun osoko egitaraua antolatu zuten. Bi manifestazioak antolatzeko zergatiak azaldu zituen GKSko kide batek, eguerdian egindako ekitaldian. Argi adierazi zuen faxismoa gora doala, Euskal Herria ez dagoela joera horretatik salbu, eta faxismoari kalean aurre egin behar zaiola.
Faxismoaren aldeko apustua egin duela oligarkiak, biak ere eskutik emanda doazela, eta estatu autoritarioa defendatzen dutela esan zuen mundu osora begira egin zuen analisi politikoan: “Langileen eskubide kolektiboak ezeztatu, polizia indarrek botere eta inpunitatea handitu, eta, militarizazioa bultzatzen” dutela gehitu zuen.
Faxismoa definitzerakoan, GKSko ordezkariak esan zuen “langile klasearen, herri zapalduen, emakumeen eta kolektibo minorizatuen aurkakoa” dela, eta “ideia matxistak, arrazistak, supremazistak, ultranazionalistak, gerrazaleak, inperialistak, eta oro har, klasistak eta baztertzaileak” dituela.
Aldi berean, ohartarazi zuen euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari dela azken aldian, “sare sozialetan nahiz kaletako hormetan mezu arrazista, supremazista edota matxistak zabaltzen ari da”.
Hitzartzearen ostean, “Andoain atzo eta gaur faxismoaren aurka” izenburuko argazki-erakusketa zabaldu zuten. Andoaingo herritar antifaxistek, bi epealdi historikoetan, 1936ko kolpe-militarraren eta Franco hil osteko oldarraldi ultraeskuindarraren aurka kalean erakutsitako erantzun aktiboa islatzen dute erakusketako argazkiek.
Dantzarazi eta kontzientzia piztu
Madrilgo La Traba Producciones izan zen larunbat gaua girotu zuen taldeetako bat, Gaztetxean. Hizkera herrikoia eta kaletarra erabiliz Cumbia argentinarra eta cumbia villera musika estilo tropikalak, rap-a, reggaetoia, euskal rock erradikaleko doinuak... koktel batean nahasten dituen taldea da Vallecas auzokoa.
Kontzertua hasi aurretik, taldearen jatorria eta bere nortasun antifaxista gogorarazi zuten taldekideek: “Madrilgo Legazpi auzoan, utzita zegoen etxe bat okupatu eta gazte batzuk espazio autogestionatu gisa antolatu zuten; laster, Vallesecasera zabaldu zen proiektua. Testuinguru horretan, gizarte mailako proiektu alternatiboa sortu zen. Besteak beste, grabazio-estudioa antolatu zen, garbi edukita zein zen helburua: musika demokratizatzea, eta gazteek ere aukera edukitzea nahi zuten musika grabatzeko”.
2007an taldea osatu zutenean rap-a nagusi zuten arren, generoetan zabaltzen joan direla, eta egun, Argentinako cumbia estiloa ere gogoko dutela aitortu zuten: “Cumbia generoak Argentinan du jatorria, baina guk gurera ekarri dugu, eta estilo propioa sortzen saiatzen gara, Cumbia hooligans, alegia”. Reggaetona erritmoak ere, “gazte belaunaldi berriengan gogor jo du, eta ezin zaio muzin egin errealitate horri. Gogoko dugu musika hori, eta kontzientzia sozialeko reggaetoia egiten saiatzen gara”.
Musika bizia, dantzagarria egiten dute eta oholtza gainetik aisa lortzen dute entzulea mugiaraztea, aurreko larunbatean frogatu ahal izan zen bezala. Nolanahi ere, ez dute ahazten musika jendea kontzientziarazteko eta kalean mugiarazteko erreminta dela, beren ustetan. Zehazki, antikapitalistatzat eta antifaxistatzat daukate beren burua madrildarrek, eta horrexegatik egin dute bat GKS erakundeak urtarrilaren 31rako deitu dituen manifestazioen leloarekin.
Madrilen antifaxista izatearen bizipenak gogorarazi zituzten segidan. “Garai latza bizi izan zuten gure aurreko belaunaldiko antifaxistek, 90eko hamarkadan-eta. Ondoren etorri ginenoi, berriz, ez zitzaigun beste erremediorik geratu, faxistei aurre egitea baizik; jarrera defentsiboari utzi eta ofentsiboari ekin genion. Jarrera aldaketa horretan, lagunen heriotzak ezagutu ditugu zoritxarrez; esate baterako, gogoan daukagu 2007an, Legazpi metroan faxista batek labankadaz hil zuen Carlos Palomino 16 urteko gaztea”.
Garai hartan biziarazi zuten “No pasaran” leloari ondo eusten diote, egun: “Jarraitzen dugu dauzkagun espazioak defendatzen eta berriak hartzen, eta estrategia horretan, aparteko tresna egiten zaigu musika. Egia da faxismoa alternatiba berriak ari dela jorratzen gizartean zabaltzeko eta gazteen artean hedatzeko, eta erne ibili behar garela”.