'Beat-eroak' tailerra eskainiko duzue. Zer egingo duzue tailer horretan? Zer ikasiko dute bertaratuek?
ÿdei: Helburua izango da rap estiloko abesti bat idaztea eta hura grabatzea. Nirekin bi orduz egongo dira gazteak, sorkuntza lana egiten. Joango naiz Telmok egindako base instrumental batzuekin, eta beraiekin raparen oinarriak, nola idazten den, errimaren garrantzia... landuko dugu. Oinarriak barneratuko dituzte, eta hasiko dira praktikara eramaten. Taldeetan jarrita, kopla batzuk sortuko dituzte. Eta azkeneko pausoa izango da sortutako abesti hori Telmorekin batera grabatzea.
Telmo: Hori da, raparen kultura eta ekoizpenera gazteek lehen hurbilketa bat egiteko tailer bat da, eurek espresio bide berri bat eduki eta ezagutu dezaten.
Rap tailerra da, euskaraz. Nolakoa da euskarazko rapa eta zein berezitasun dauzka?
ÿdei: Rapa bere hutsean gure herrian gutxi landu den estiloa da. Gazteek gero eta gehiago jotzen dute 'urbano' deitzen duten horretara, baina rapetik pasa gabe, oraindik herren dabil belaunaldi berrietan ere. Beraz, aski gutxi landu den estiloa da rapa Euskal Herrian. Baina rapeatzen duzularik, zuri dagokizu flowa, testua jartzeko modua, errimak, mezua, eta edukia eta formaren arteko borroka horretan murgiltzea. Euskara erabili liteke rapa egiteko, beste edozein hizkuntzatan posible den bezalaxe. Maiz ezarri zaio euskarari gurutze bat, euskaraz ezin dela rapa egin. Baina denborarekin ezabatu dira oinarririk gabeko aurreiritzi horiek.
Telmo: Rapa rapa da, literatura literatura den bezela. Ona edo txarra izan daiteke, baina hori ez da hizkuntzaren araberakoa izaten. Euskal rapa orain urte luze hasitako mugimendua da eta beti egon da bazterreko kontu bat bezela. Baina orain urte batzuk, pandemiaren ostean gutxi gorabehera, gorakada nabarmena izan duela esango nuke. Chill Mafiak izandako boom horrek konplexu asko kendu zituen. Oso osasuntsu dagoen generoa dela esango nuke, eta euskaraz rapa edota horrenbeste entzuten dugun genero 'urbano' hori egiten erreferente ugari daude. ÿdei bera, adibidez.
Ibilbide luzea egin duzue raparen munduan. Zerk erakarri zintuzten?
ÿdei: Haurra nintzela hasi nintzen rapa entzuten. Ipar Euskal Herrian rap kultura handia dago. Maite nuen estilo hori, eta 2000 urtean Selektah kolektiboa deskubritu nuen. Horrek eraman ninduen euskarazko raparekin lotzera, lehenagotik frantsesez egiten bainuen. Eta asko motibatu ninduen nirea sortzera.
Telmo: Rapa espresio bide bat besterik ez da, eta ematen dizuna hori da hain zuzen. Esateko duzun hori era artistiko, poetiko edo behintzat ezberdin batean esateko aukera. Gainera, nahiko modu zuzen eta errazean hasi daiteke praktikatzen, ezagutza tekniko gehiegirik gabe, eta koaderno eta boligrafo bat nahikoa dira hasteko.
Nola bizi izan duzue zuen ibilbidea raparen inguruan?
Telmo: Nire kasuan, rapa idazten hasi banintzen ere, urteak daramatzat ekoizpenaren munduan murgildurik. Hor topatu nuen nik nire gustuko bidea edo buruan nituen ideia horiek espresatzeko bide zuzenena. 2015 urtean kaleratu nuen nire lehen disko instrumentala, rapetik kanpo, musika elektronikoaren mundutik gertuago… Baina, dudarik gabe, raparen background hori oso presente dut ekoizpen guztietan, hori izan da nire eskola artistikoa.
ÿdei: Niretzat ez da bide erraza izan, bereziki hasieran. Rapa ez zen biziki estilo onartua, Euskal Herrian rocka eta punka ziren bezala. Gure lekua ezin aurkitu ibili gara urteetan, korronteen kontra.
Zure kasuan, ÿdei, bertsolaritza eta rapa uztartu dituzu. Zein antzekotasun dauzkate?
ÿdei: Antzekotasun nagusia da hizkuntzarekin jolastea direla bata zein bestea. Errimaren bilaketa, testua, forma eta edukiaren arteko jolasa, hizkuntzarekin egiten duguna. Dena den, maiz esan dut bi mundu direla. Bertsoak egiten jakiteak ez zaitu rapero on bilakatuko, eta rapa ondo egiteak ez zaitu bertsolari bilakatzen. Oso kode ezberdinak dauzkate.
Gazteen artean euskara sustatzea du helburu tailerrak. Zein neurritan lagundu dezake horretan?
Telmo: Rapean, hizkuntzak, hitzek, esaten den horrek eta batez ere esateko moduak, berebiziko garrantzia dutela iruditzen zait. Rapa euskaraz egitea, hizkuntza berarentzat aberasgarri izateaz gain, euskararen hedapenerako baliabide izan daiteke zalantzarik gabe, ikuspuntu ezberdin eta fresko batetik gainera.
ÿdei: Tailer honek eskainiko du eremu bat eta tresna berri bat, hizkuntzaren bitartez sortzen dena, gauzak adierazteko eta esateko, identifikagarriagoa izan daitekeena gazteentzat. Rapa gauza 'modernoagoa' da, beraien errealitatetik hurbilago dagoena, eta horrek indartzen du identifikatuta sentitzea. Hurbileko sentitzen dugunean da eraginkorra.
Gazteei zuzendutako saioak izango dira, baina nolako gazteak izango dira bereziki gozatuko dutenak tailerraz?
ÿdei: Orain arte egin ditudan tailerretan, orotariko perfilak izan ditut, eta batzuetan harritu egiten zara. Uste duzu euskararen indargune den leku batean sekulako harrera izango dela, eta ohartzen zara gazte horiek urrun xamar harrapatzen dituela. Eta aldiz, euskara hain indartsu ez dagoen herri bateko tailerrean, partehartze handiarekin, askoz ere lorpen handiagoak izan daitezke, gazteen inplikazioari, gogoari eta motibazioari begira. Ez dago perfil jakin bat tailer hauetaz gozatzeko, edonork gozatu lezake.
Telmo: Ateak zabalik ditugu rap mundura hurbilketa txiki bat egin nahi duenarentzat… Denak dira ongi etorriak, eta ziur denek gozatuko dutela era batera edo bestera.
Lehenago ere eskaini dituzue antzeko tailerrak. Nolako harrera izan dute gazteen artean?
ÿdei: Biziki-biziki ona izan da harrera. Nik maite dut gazteekin aritzea lanean. Egiten duzuna baino, beraiekin lortzen duzun konexioa da garrantzitsuena. Oso giro ona izaten da saio horietan, gazteek parte hartzen dute, ondo pasatzen dute. Eta hori da helburua, ahalik eta gehien identifikatuta sentitzea. Berdinetik berdinera, buruz buru aritzen gara sortzen, elkarrekin, eta giro eder bat pizten da saioetan.
Telmo: 'Beat-Eroak' ekimenaren baitan, lehenago ere Legazpin eta Urretxu-Zumarragan egin genituen tailerrak, 2021 urtean, eta esperientzia polita izan zen.
Rapa euskaraz egiten hasi nahi duten gazteei, zer gomendatuko zeniekete?
ÿdei: Ni ez naiz nor aholkuak emateko, baina nire iritzia nahi badute, esango nieke sortu dezatela, eta jarraitu dezatela sortzen inguruari begiratu gabe. Beren bidean aurrera egin dezatela. Ekitea bera bada aurrera egitea, eta ekinez lortzen dira gauzak, baita rapean ere.
Telmo: Gomendatuko nieke direna izatea, diren bezala azaltzea, egiten dutena egiten dutela. Rapa egin, margotu, idatzi, musika entzun… edo dena delakoa, baina beti barruko ahots hori bilatuz eta itxurarik egin gabe.