Talde bakoitzak bost partaide izango ditu, gutxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai-jartzaile eta epaile bana ere izan beharko dute taldeek. Eta ordezkari bat ere izango dute komunikazio edo antolaketa lanak egiteko.
Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala.
Zortzi eskualde, lehen fasean
Lehen fasea izango da, akaso, bereziena. Gipuzkoako zortzi eremu zehaztu dita: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.
Eskualde bakoitza izango da fasearen sortzaile eta arduraduna, urtarrilaren 18tik martxoaren 28ra bitarte jokatuko da. Denbora tarte horretan 100 saio inguru antolatuko dira Gipuzkoan barrena. Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahal izango du fasea. Fase honetatik zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana.
Fase honetan ia 40 bertsolari arituko dira lehen aldiz oholtzan, eta beste horrenbeste lagun antolaketa lanetan.
Azken fasea, martxoan; finala maiatzean
Lehen fasearen ostean, bigarren fasea jokatuko da, lau saiorekin. Lehen fasean “irabaziko” duten zortzi talderen artean jokatuko dira saioak, eta eskualde bakoitzak izango du ordezkari bana.
8 talde horietatik 4 sailkatuko dira final-aurreko saioetara. Bi saio jokatuko dira fase honetan, areto handiagoetan.
Finala maiatzaren 30ean jokatuko da Aiako probalekuan. Finalak lehen fasearen esentziari eutsi nahi dio eta bertso-bazkaria egitea aurreikusten da. Finala baino gehiago, bertsolaritzaren festa izan nahi du, elkargunea.
Azken faseko txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus webgunean jarriko dituzte salgai, martxoan bertan.
Gipuzkoako Herriartekoa jarraitzeko www.bertsozale.eus webgunean bilduko da informazio guztia, Herriartekoaren atarian: www.bertsozale.eus/gipuzkoa-herriartekoa-2026. Sare sozialetan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez egingo
zaio segimendua, #herriartekoa traola erabilita.