"Irabaztea ederra da, baina garrantzitsuena bidearekin gozatzea da"

Leire Uranga 2026ko urtarrilaren 24a

Aiztondo NKTko boleibol taldeetako jokalariak, Olaederrako kantxan. MIKEL RODRIGUEZ

Aiztondo Neskide Kirol Kluba bailarako emakumeen kirolari ikusgarritasuna eta jarraipena emateko sortu zen. Azken urteetan boleibolak hazkunde nabarmena izan du. Ane Lasa da klubeko lehendakaria: 

Nola eta zein beharretatik sortu zen Aiztondo NKT, eta zein zen hasierako helburua?

Aiztondo bailaran, neskek kirola egiteko hutsune nabarmena zegoen. Pilota, futbola eta halterofilia ziren aukera nagusiak, eta gaur egun txirrindularitza ere badagoen arren, futbolaren kasuan Villabonako eta Danenako taldeek zailtasun handiak zituzten nesken taldeak osatzeko.

Bestetik, nahiz eta taldeak sortzea lortzen zen, ezinezkoa zen kirol-ibilbide osoa bailaran bertan egitea; adin jakin batetik aurrera, inguruko herrietara joan beharra izaten zuten. Egoera horrek kezkatuta, guraso talde bat elkartu zen, eta hainbat elkarte eta erakunderekin bildu ondoren, Aiztondo Neskide Kirol Kluba sortzea erabaki zuten.

Hasieratik argi izan zuten kirol-klub bat izan nahi zutela. Futbolarekin hastea adostu zuten, eta, urteen poderioz, beste kirol batzuk garatzea jarri zuten helburu.

Nola sortu zen boleibolaren proiektua Aiztondo NKTren barruan?

Denen harridurarako, Gurea Zineman aurkezpen ofiziala egin eta handik egun gutxira, neska talde batek boleibolean jokatzeko gogoa azaldu zuen. Aiztondo NKTren arduradunengana gerturatu ziren proposamenarekin, eta denen artean proiektuari forma ematea erabaki zuten. Boleibola kirol erakargarria eta bizia da, eta azken urteetan, bereziki Gipuzkoan eta nesken artean, gorakada nabarmena izan du.

Zein da gaur egun boleibolak Aiztondo NKTren barruan duen lekua, eta nola lantzen duzue haren garapena?

Aiztondo Neskide Kirol Klubak bi zutabe nagusi ditu: boleibola eta futbola. Bi kirolak maila berean bultzatzen ditugu, eta ez dugu haien artean bereizketarik egiten. Bi federazioekin hartu-eman estua dugu, eta elkarlanean, aurrerapauso oso esanguratsuak ematen ari gara.

Gaur egun, zenbat bolei talde ditu Aiztondo NKTk, eta zein mailatan lehiatzen dira?

Ditugun instalazioak beste kirol talde batzurekin partekatu behar ditugunez, oraingoz boleibolean infantil mailatik hasten gara. Une honetan, infantil, kadete eta senior kategorietako taldeak ditugu, eta guztira sei bolei talde ari dira jokoan.

Nolakoa da entrenamendu eta antolaketa egitura?

Hasiera batean, Olaederra kiroldegiko kantxan berritze-lanak egiten ari zirela eta, Erniobea ikastetxeko kiroldegian entrenatzen genuen. Olaederrako kantxako zaharberritze lanak amaitu ondoren, 2025/2026 denboraldian Olaederran hasi gara entrenatzen eta lehiatzen. Bertan, gehienez hiru kantxa aldi berean muntatzeko aukera dago.

Arratzainen, berriz, kantxa bat jartzeko aukera izan genuen, baina neguan hotz handia pasatzen genuen, eta, gainera, ikusleentzat ez zegoen leku nahiko eta egokirik. Gaur egun, askoz hobeto gaude: erosoago, eta hazteko aukera handiagoekin. Kantxa herrian bertan izateak onura ugari ekarri ditu.

Antolaketa aldetik, talde bakoitzak astean bi entrenamendu egiten ditu, ordu eta erdikoak, eta asteburuetan partidak jokatzen dira.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!