Zein testuingurutan mobilizatuko da GKS urtarrilaren 31n?
Azken urteetako joera garbia da: Estatu Batuetako eta Europako oligarkia estatu-autoritarismoaren eta faxismoaren aldeko apustua egiten ari da. Alde batetik, alderdi elektoral eta think tank ultraeskuindarrak, komunikabide erreakzionarioak eta talde faxistak babesten eta diruz finantzatzen ari da. Bestetik, azken urteetako itxura demokrata albo batera utzi, eta norabide autoritario batean erreformatu nahi ditu mendebaldeko estatuak; batik bat, aurrekontu militarrak handituta, estatu poliziala indartuta eta langileriaren eskubide zibil eta politikoak deuseztatuta egin nahi du bide hori.
Askotan faxismoa urruneko edo iraganeko zerbait bezala ikusten da, baina gaur egun geroz eta agerikoagoa da. Zer ari da gertatzen Europan azken urteotan? Faxismoa indartsu ari da hedatzen Europa osoan barrena. Hazkunde horren adibide garbiena alderdi politiko faxisten gorakada da: Alemanian, Polonian, Italian, Frantzian, Hungarian, Eslovakian edota Espainiako estatuan. Herrialde batzuetan gobernura iristea lortu dute, eta gainontzeko guztietan gero eta botere instituzional handiagoa eskuratzen ari dira.
Bestetik, kale mailako talde biolentoak ere ugaritzen ari dira, eta horiek kaleko presentzia handitu eta normalizatzen ari dira. Falange Española, Núcleo Nacional eta Desokupa bezalako espainiar talde supremazista, arrazista eta biolentoak dira horren adibide, besteak beste.
Eta, Euskal Herrian, nola ari da agertzen edo normalizatzen faxismoa?
Euskal Herria ere ez dago joera horietatik kanpo. Orain arte, beste leku batzuetan baino zarata gutxiagorekin bada ere, euskal nortasunaren izenean aritzen den faxismoa agertzen ari da: sare sozialetan zein kaleetako hormetan agertzen hasi da, eta mezu arrazista, supremazista edota matxisten eroale da. Guk, ordea, argi dugu: faxismoari aurre egingo diogu, datorren lekutik datorrela.
Zein ondorio eduki ditzake honek guztiak edo zer ari da gertatzen dagoeneko?
Denok ikusi dugu gure inguruan ere ideia erreakzionarioak gero eta normalizatuago daudela; duela urte batzuk onartezinak liratekeen jarrerak normalizatzen ari gara.
Horren adibide argia da langileriaren egoera tamalgarriaren erantzukizuna etorkinei egoztea: matxismoa, lan-ezegonkortasuna edo etxebizitza bat erosteko ezintasuna haien errua balira bezala aurkezten dira. Horrek guztiak ateak irekitzen dizkio faxismoari, bidea errazten dio.
Garbi eduki behar dugu faxismoa ez dela, inolaz ere, antisistema, nahiz eta hala saldu nahi izan. Proletargoaren sektore zaurgarrienak zapaltzen dituen gorroto-ideologia baino ez da. Finean, gorroto-ideologia horrek langileriaren arteko lehia eta etsaitasuna sustatzen ditu, eta oligarkiari egiten dio mesede; horri esker, estatuak autoritarismorantz erreformatu ahal izango baititu, oposiziorik gabe.
Jendeak mobilizazioan parte hartu ahal izateko, zer baliabide edo aukera eskainiko dituzue?
Egunean bertan autobus zerbitzua antolatuko dugu Bilbora joateko. Aiztondo bailarakoentzat, Villabonako Olaederra kiroldegitik abiatuko da autobusa, manifestazioa hasi baino pare bat ordu lehenago.
Andoaingo kasuan, autobusa Gurutze Gorriaren paretik aterako da 15:30ean, eta ordu berean egingo du irteera Urnietako autobusak, Matxo tabernaren paretik.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 685 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.