Urtarrilaren 28an, asteazkenarekin, egingo den bigarren mahai-inguruak, “Trantsizio ekosoziala udalerrietatik. Zein bide jarraitu?” izango du eztabaidarako gaia.
Udalerrietako ikuspegira jaitsiko da trantsizio ekosozialaren gaia, eta hain zuzen, lau hizlarik emango diote erantzuna galdera horri, nork bere esparrutik.
Hain zuzen, horiek izango dira: Xabi Igartua (Oñatiko Udaleko zinegotzia), Gurutze Etxezabal (Orexako alkatea), Aitor Ossa (Zumaiako energia estrategia 2020 txostenaren egilea) eta Carlos Anaut (Isabako alkatea).
Lurralde mailatik, lehenbiziko mahai-ingurua
Urtarrilaren 14an, “Trantsizio ekosoziala lurraldetik. Krisi ekologikoa” izenburuko mahai-ingurua egin zuten. Lehenengoan, lurralde mailatik aztertu zuten gaia, bi hizlariekin, Martin Lallanarekin (LABeko Trantsizio Ekosozialerako arduraduna) eta Josu Navedarekin (Goienerreko kidea); Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia komunikatzaileak moderatzaile lanetan jardun zuen.
Lehen mahai-inguru hori, osorik, hemen.
Hernani Burujabe, talde antolatzailea
Hernani Burujabe herri proiektu bat da, herriko ehun ekonomiko, sozial eta administratiboa barnebiltzen dituen trantsizio ekosozialerako alternatiba praktiko bat. Proiektuaren bultzatzaileen hitzetan, “egungo eredu ekonomiko xahutzaile, ekologikoki jasanezin eta ezberdintasun sortzailearen aurrean, alternatiba bizigarri, iraunkor eta parekide bat martxan jarri nahi du Hernani Burujabek, justizia sozial eta ekologikoa eta planifikazio eredu publiko-ekonomiko-komunitarioa ardatz hartuta”.