Gipuzkoako Foru Aldundiak Fraisoron (Zizurkil) Haur Abandonatuentzako Etxea izan zuen 1903-1985 epean. 12.000 haur igaro ziren umezurztegi horretatik, eta egun, horietako zenbaiten ondorengoek, espedienteak irakurtzeko aukera eskatu diote Aldundiari. Adopzioen legea argudiotzat hartuta, ezezkoa izan da eskatzaileek orain arte jaso duten erantzuna.
Eskatzaileek, nork bere aldetik ekin zioten, bakarka, baina ahaleginak eta bizipenak elkartzen joan dira azken hilabeteetan, eta komunikabideetan oihartzuna lortzen ari dira, egia esan. Horrela, berriki, Jasotako Haurrak elkartea sortu dute, elkarren berri edukitzeaz gain, batzen dituen eskakizuna errazago lortu dezaketelakoan erakunde publikoen aurrean. Elkarteko kide den Arantxa Guarretxenak adierazi duenez, "25 bat lagunek ekin diogu bideari, baina egunez egun jendea gehitzen ari zaigu, naturala delako egia jakin nahi izatea, eta gogo horri ezin zaiolako aterik itxi".
Guarretxenaren esanetan, “nortasun-premia kolektibo bati erantzuteko sortu da elkartea, Memoria, Justizia eta Jatorria izanik ipar”. Lau printzipioetan mugituko da elkartea, bultzatzaileek elkartea erregistratzeko orduan adierazi dutenez:
- Elkartasuna: Jasotako haurren senide eta ondorengoak batzea, elkar lagundu eta babesteko.
- Informazioa eskuratzea: Indarrak batu eta antolatzea, erakundeek zaintzen dituzten jasotako haurren espedienteak legez eskuratu ahal izateko.
- Dibulgazioa eta memoria: Jasotako haurren eta haien ama biologikoen memoria historikoa eta soziala leheneratzea eta, horretarako, haien inguruan oraindik ere badirauten tabuak eta estigma haustea, besteak beste.
- Identifikazioa: Jasotako haurren ondorengoei zein jatorri biologiko duten jakiten laguntzeko ekimenak bultzatzea.
Guarretxenaren ibilbidea
Eskatzaile guztiek Aldundiari igorritako eskaerarekin bat egiten badute ere, historia pertsonalak, pareka ezinak elkarrekin eta zein baino zein zirraragarriagoa, igarri daitezke bakoitzaren atzean. Arantxa Guarretxena Astigarragak, berea kontatu dio Aiurriri.
“Gure aita, Andres Guarrechena Belascoechea, 1926ko urtarrilaren 30ean jaio zen, Donostian; justu ehun urte atzera beharko genuke egin, hortaz. Jaio berritan, Fraisoroko Sehaska Etxean utzia izan zen. Han pare bat urte-edo egin, eta Andoaingo Ricardo Basurcok eta Rosario Cerrajeriak osatutako bikoteak prohijatu zuten 6 urte zituenean; eta haien abizenak erabiltzen hasi zen jakin gabe ez zuela horretarako eskubiderik. Aitak ez zigun gauza askorik kontatu lehen urte haietaz seme-alabei, lotsatu bezala egiten zen. Pentsatzekoa da haurtzaroan halako bizipen gogorra daukanaren jarrera izango zela hori; haur esposito izateak gizartean itsasten zitzaion estigmak ere ez zion lagunduko”.
Aita eta ama (Pepita Astigarraga) elkar ezagutu eta ezkontzera zihoazela, jaiotza agiriak eskatu zizkieten elizan. “Aitarena Zizurkilen topatu zuten, eta hara non, orduan deskubritu zuen zeintzuk ziren bere benetako abizenak! Eta ez hori bakarrik, baita haur espositoa zela eta aita ezezagunekoa! Agiri haien aurrean, zurbil-zurbil geratu omen zen, zorabiatzeko zorian, amak gerora kontatu izan zigunez. Abizenak berreskuratu eta ezkondu egin ziren”.
Aitak bere iraganaren gainean ez zuela hitz askorik egin, baina esate murritz hori kontuan hartzekoa izan zela aitortu du Arantxa Guarretxenak. “Behin edo behin anai bati adierazi zion bere nahirik sakonena bere haurtzaroaren gaineko xehetasunen bat edo beste jakitea zela. Bera ez zela ausartu ikertzera, baina geu jantziagoak ginela, eta horretan saiatu beharko genuela egunen batean. 2000. urtean hil zen, eta herentzia modukoa utzi zigun; bere haurtzaroaren arrastotik tiratzea”.
Arantxa Guarretxenak, Fraisororen historia kontagai duen liburuaren berri eduki, eta Eva Garcia egilearekin jarri zen harremanetan. “Aldundiaren Zaintza eta Gizarte Politiketako sailera, Haurrak eta Nerabeak babesteko zerbitzura zuzentzeko gomendatu zidan, eta halaxe egin nuen, iazko otsailean. Idatzi-eskaeran jaso nuen bere seme-alabontzat behar sentimentala, emozionala eta familiarra zela bere espedientea ikusi eta zerbait gehiago jakin ahal izatea bere biziaren hasieran bizi izan zuen gertaera transzendental haren inguruan, eta bide batez, aitaren nahia eta desioa betetzea”.
Aldi berean, idatzian, Guarretxenak argi utzi zuen ez zegoela inongo asmorik ezer erreklamatzeko ez erakunde publikoei ezta aitaren familia biologikoari ere.
Bada, ezezkoa izan zen erantzuna. Hots, eskaerari ezin zaiola aplikatu adoptatutako pertsonek jatorri biologikoak eskuratzeko araudian aurreikusitako araubidea; horrela, kode zibilaren 180.5 artikuluari eta Haurrak eta Nerabeak babesteko Jaurlaritzaren 2005eko legearen 82.2 artikuluari heldu zien Aldundiak. Beste hitzetan esanda, informazioa eskatzeko, baldintza zela aitaren idatzizko baimena aurkeztea, eta hori ez zela aurkeztu. Ez zuela egiaztatu interes legitimoa, hortaz.
Prohijatuak, ez adoptatuak
Arantxa Guarretxenak eta gainerako eskatzaileek zera aldarrikatzen dute, beren ahaideak ez zirela adoptatuak izan, prohijatuak baizik. “Kode Zibilaren eta Haur eta Nerabeei buruzko EAEko Legean interpretatzen dute informazioa ukatzeko guri. Baina lege horiek haur adoptatuen eskubideez hitz egiten dute, ez prohijatuez. Adoptatuen aldean, prohijatuek ez zuten eskubiderik, ez beren jatorri biologikoa jakiteko, jasotzen zituen etxeetako familiaren herentzia jasotzeko… Gaur egun existitzen ez den figura da prohijatua. Gure ustez, gure arbasoak, lehendabizi ongintza-zentroetan eta, gero, familietan hartu zituzten, betiere Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoritzapean. Legez ez ziren adopzioak eta, beraz, ez da zilegi Aldundiak aipatzen dituen legeak aplikatzea”.
Aitortza eta erreparazioa
Arantxa Guarretxenak oinarrizkotzat jo du “gure familien historiaren alderdi ezkutu hori argitu eta egia jakiteko dugun eskubidea aitor dezaten. Min bat dago, zauri bat; Fraisoron abandonatutako haur horiek asko sufritu zuten, beren amek ere gaizki pasa zuten. Batzuei zein besteei aitortza eta erreparazioa zor zaie. Gure familien eta gizarte osoaren historia osatzen dute, eta badugu eskubidea egia jakiteko”.
Maila pertsonalean ere egia jakiteak daukan dohain osasungarria azpimarratu nahi izan du Guarretxenak, “nor zaren jakiteko, lehenbizi behar duzu jakin nondik zatozen, non duzun jatorria, aurrekoengandik zeintzuk diren jaso dituzun balioak… Guzti horren jabe izateak laguntzen dizu identitatea eraikitzen”.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.