Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa

Ainhoa Gil 2026ko otsailaren 5a

Oibar Olano, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal eta Aratz Arzellus, Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari txapelketaren inguruan aritu dira.

Hirugarren aldiz jokatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa eta osasuntsu dator: 57 talde lehiatuko da; 350 pertsonen parte-hartzearekin. Bi talde sortu dira bailaran; Aiztondo eta Villa-Amasa. Otsailaren 20an jokatuko dute bi taldeen arteko kanporaketa, Villabonako Aljiben

1999an jokatu zen lehendabiziko Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. 2017an ospatu zen bigarren edizioa eta bailarakoak izan ziren orduko txapeldunak, baita txapeldunordeak ere: Karidadeko Benta taldea osatuta, Joseba Otaegik, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak jantzi zuten txapela. Finalean, arerio izan zituzten Am...ona taldeko Amaia Agirre, Beñat Iguaran eta Ander Goikoetxea, aiztondoarrak hauek ere.

Taldekako bertso txapelketak helburu zehatzak ditu. Batetik, eskualde mailan, bertso eskolen arteko saretzea eragingo duen txapelketa da. Belaunaldi artekotasuna ere sustatzen du eta bertso komunitate osoa elkartzen du txapelketak; bertsolariak, epaileak, gai-jartzaileak, antolatzaileak, bertsozaleak... bat eginda ariko dira saioen antolakuntzan. Bertsoa iritsi ez den espazioetara iristen saiatuko da herriartekoa.

Fase ezberdinak

Honakoa da txapelketa honen taldekatze eredua. Talde bakoitzak bost partaide ditu, gutxienez. Hiru bertsolari: saioetan hiru edo lau bertsolarik abestuko dute, baina taldean kide gehiago ere izan daitezke. Gai-jartzaile eta epaile bana ere izan beharko dute talde guztiek. Horrez gain, ordezkari bat ere badute bilketa, komunikazio edo antolaketa lanak egiteko.

57 taldek hartuko dute parte herriartekoan. Guztira 350 pertsona arituko dira aurrez aipatu diren eginkizunak egiten. Aurreko Herriartekoetan, 24 eta 38 taldek eman zuten izena hurrenez-hurren, eta kopuru aldetik goranzko jauzia nabarmena izan da.

Faseei dagokionez, lau fasetan banatuko da Herriarteko Txapelketa: lehen fasea, bigarrena, finalaurrekoak eta finala.

Zortzi eskualde

Lehen fasea izango da akaso bereziena egitura aldetik. Gipuzkoako zortzi azpieskualde banatu dira faseak jokatzeko: Buruntzaldea, Urola, Urola-kosta, Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea, Goierri, Donostia eta Oarso-Bidasoa.

Lehen fasean, eskualde mailako antolatzaile eta taldeetako ordezkariek erabaki dute zein motako fasea antolatuko den. Eskualde bakoitza izango da beraz, fasearen sortzaile eta arduraduna. Eskualdeka talde antolatzaileak sortu dira eta elkarren arteko lankidetzan sortu eta antolatuko dira faseak. Fase hau urtarrilaren 18tik martxoaren 28ra bitarte jokatuko da.

Bi hilabete eta erdian 100 saio inguru antolatuko dira Gipuzkoa guztian zehar. Herri eta eskualde bakoitzak bere errealitateari erantzungo dio eta bakoitzak bere ezaugarri eta errealitate soziolinguistikoari erantzunez antolatu ahal izango du fasea. Fase honetatik zortzi talde garaile aterako dira, eskualde bakoitzetik bana.

Fase honetan ia 40 bertsolari arituko dira lehen aldiz oholtzan, eta beste horrenbeste lagun arituko dela antolatzen eskualde mailan ekimena.

Lehen fasearen ostean, bigarren fasea jokatuko da, lau saiorekin. Lehen fasetik aurrera egin duten zortzi talderen artean jokatuko dira saio hauek, eta eskualde bakoitzak izango du talde ordezkaria.

8 talde hauetatik 4 sailkatuko dira final-aurreko saioetara. Bi saio jokatuko dira fase honetan, areto handiagoetan.

Final handia maiatzaren 30ean, Aian

Tolosaldeko finala martxoaren 27an jokatuko da, Alondegian. Final handia berriz, maiatzaren 30ean jokatuko da Aiako probalekuan. Finalaren egunak lehen fasearen esentzia mantendu nahi du eta bertso-bazkari erraldoi formatuan planteatuko da. Azken faseetarako txartel guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian izango dira salgai martxoan.

Gipuzkoako Herriartekoa jarraitzeko www.bertsozale.eus webgunean bilduko da informazio guztia, Herriartekoaren atarian: www.bertsozale.eus/gipuzkoa-herriartekoa-2026. Sare sozialetan, Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen profilen bitartez egingo zaio jarraipena, #herriartekoa traola erabiliko dute.

Aiztondo bailarako taldeak

Bi talde osatu dira Aiztondon. Bien artean lehiatu beharko dute txapelketako lehen fasean. Otsailaren 20an izango da saio hori, Villabonako Aljiben, 19:00etan hasita.

Aiztondo (Asteasu-Larraul-Zizurkil)

  • Bertsolariak: Beñat Zeberio, Oibar Olano, Jexux Mari Irazu eta Unai Mendizabal.
  • Gai jartzailea: Amaia Agirre.
  • Epailea: Igotz Alkorta.
  • Ordezkaria: Ixiar Eizagirre.

Villa Amasa  (Amasa-Villabona)

  • Bertsolariak: Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, Aratz Arzelus eta Izar Zelarain.
  • Gai jartzailea: Ander Goikoetxea, Iñaki Otaegi eta Arkaitz Arretxe.
  • Epailea: Beñat Karrera, Joseba Otegi eta Zigor Leunda-
  • Ordezkaria: Aratz Arzelus eta Beñat Iguaran.

Talde hauetako bina ordezkari elkartu da Aiurrirekin, txapelketaren inguruan aritzeko. Aiztondotik Unai Mendizabal eta Oibar Olano, Villa Amasatik Beñat Iguaran eta Aratz Arzellus.

Gazteak eta beteranoak

Gazteek bultzatu dute Beñat Iguaran Herriarteko txapelketan parte hartzera: "Pertsonalki, ez nuen batere garbi, baina gazteen ilusio horrek bultzatu nau. Taldea osatze aldera, pausoa ematea erabaki nuen eta bertsotan arituko naiz".

Eskualdeka jokatuko da txapelketaren lehen fasea eta, Tolosaldean, Harituz elkarteak bideratu du antolaketa. "Parte-hartzaile, antolatzaile... guztion artean erabaki dugu lehen fase honen formatua. Txapelketaren beraren hezurdura edo egitura Bertsozale elkarteak prestatu du eta guri egokitu zaigu lehen fasea bideratzea. Gainerantzean, modu ezberdinean bizitzen ari naiz. Aurrekoa gazte paperetik bizitu nuen, orain beterano paperetik ariko naiz gehiago, gazteei lagunduz. Jolasetik hartuta, lehen saioaren atarian, gogotsu nago ".

Aratz Arzellus amasarrak lehen aldia izango du txapelketan. "2017an izan zen aurrekoa eta ni umea nintzen orduan. Ez nuen txapelketa jarraitu. Interneten ikusitako bideoen bidez eta beteranoek kontatutakotik jakin dut nolakoa den herriartekoa. Eskolartekoa amaitu zitzaigun eta, plaza batzuk egiteko aukera ematen digu txapelketa honek".

Oibar Olano asteasuar gazteak ere, plazak egiteko gogoa azaldu du: "Herriartekoaren aurrean, hasieran atzera egiten zidan horrenbeste jenderen aurrean aritu beharrak, baina Mendizabal eta Irazurekin entrenatzen hasita, gogoa piztu zitzaidan, eta geroz eta gogotsuago nago. Aurreko Herriartekoa entzule paperetik bizitu nuen eta, orain bertsolari gisa bizitzeak ilusioa egiten dit ".

Taldeka

Herriarteko txapelketaren berezitasun nagusia, "taldean izatea" dela azpimarratu dute guztiek. "Taldean joateak lasaitasuna ematen du, babestuta sentitzen da bertsolaria. Lagunartean goaz eta horrek presioa kentzen laguntzen du", azpimarratu du Beñat Iguaranek.

Talde berean maila ezberdineko bertsolariak aritu daitezkela ere azpimarratu du Unai Mendizabalek: "Aberasgarria da hori. Zailtasun ezberdinetako ariketak hartzen ditu txapelketak eta taldekideen artean banatzen ditugu". Belaunaldikotasuna ere aipatu du Mendizabalek: "Bertsolari gazteak eta beteranoagoak elkartzen gara. Batzurentzat lehen plaza ere izango da txapelketakoa". Azkenik, herrien artekoa izatea ere azpimarratu du Mendizabalek: "Pizgarri polita da hori ere; herri bat beste baten aurka aritzeak saltsa sortzen du eta publikoak ere eskertzen du hori. Saio informalak dira; taberna, gaztetxe... horrelako plazetan gauzatuko dira eta giro polita sortzen da".

Esperientzia bizitzeko gogoz daude gazteak. Aratz Arzellusek azpimarratu duenez, "ilusioz gaude. Bertsotan eginez disfrutatzea da helburua. Momentuz ez diot nire buruari beste helbururik jarri". Beñat Iguaranek ere helburu bera du: "Txapelketa honetako helburua, gehiegi sufritu gabe bertsotan aritzea izango da".

 

 

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 686 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!