Joxe Belaunzaran Kortadi Xoxoka-Goiburuko Ormazarreta baserrian jaio zen, 1925eko abenduaren 26an. Simon Belauntzaran Garaialde eta Joxepa Kortadi Arruti izan ziren bere gurasoak, eta Pilar, Modesto eta Rita anai-arrebak. Egun, Andoaingo La Salle etorbidean bizi da, eta mende bete zuela eta bisita egiteko asmoz bertaratu zitzaizkion Andoni Alvarez Andoaingo alkatea eta Haizea Barandiaran zinegotzia udalaren izenean, joan den astean.
Joxe Belaunzaranek emaztea ere Urnietakoa zuen, Lategi auzoan kokatzen den Goikoetxe baserriko alaba, Maria Ikutza Arin, hain zuzen. “Gure inguruko neska gazteak beste auzo edo herrietara alde egiten zuten, eta mutil zahar asko geratzen zen gurean. Nik ere ondoko auzora jo behar izan nuen, hortaz”, dio Joxek umorez. Bost seme-alaba eduki zituzten: Mertxe, Kontxi, Modesto, Pili eta Joxe Mari. 2006an alargundu zen Joxe.
Ehun urtera iristeko misterio askorik ez dagoela adierazi du. Bere biografiari erreparatuz gero, osasuntsu bizitzeaz gain, zeregin ugari eta anitzak edukitzea izan daiteke sekretua. Bestelakoan, urtetan aurrera, eguneroko errutinari eusten dio azken urtetan: goizean egunkaria irakurri, telebista ikusi (pilota partiduak batik bat, eta horietan Enbutegi baserriko ama duen Iñaki Artola pilotaria animatu), otordu sanoak, loa betiko modu eta ordutegiarekin egin, eskulanak (baserriko intxaurrak, urrak beste hainbat produktu aletu edo zuritu)...
Xoxokako eskolako lehen ikasleetako bat
Xoxokan 1925ean ireki zuten eskolako lehen ikasleetakoa izan zen Joxe. Hain zuzen, bere irekieratik mende bat igaro zela eta joan den uztailean egin ziren ospakizunetara hurbildu ziren ikasle ohi guztien artean bera izan zen zaharrena.
Angela Arrue Intxauspe izan zuen maistra. “Euskaraz egiten zigun dena. Behin, idatzi bat gaztelaniaz irakurri zigun, eta ondoren, ea zer entenditu genuen galdetu zigun. Batzuek gauza bat, besteek bestea..., erantzun guk. Bada, “alerik ez dezue ezer entenditu!” esan zigun maistrak. Esku ona eta burua ere halakoa nuela esaten zidan, baina ez zidan sinpatia handirik, ez dakit zergatik. Gerra etorri zenean, agintariek kastigatu egin zuten nazionalista zelako, eta nahi zuten ordezkoa jarri zuten”.
Garai hartan haur gehien-gehientsuenen antzera, Joxe Belauntzaranek ere urte gutxi egin zituen eskolan, nahiz bizilekutik 800 metro eskasera eduki; oinarrizko ikasketak baino ez zituen jaso ahal izan. Nekazaritzatik bizi zen familia, eta bertako lanetan iaiotu zen, derrigorrean.
Gazte-gazte hasi zen soldatapeko lanetan, Gudarien Etorbidean kokatzen zen Magnesitas Navarras lantegian hain zuzen. Gerora, Laborden aritu zen eta bertan hartu zuen lan-erretiroa.
1936ko gerran, tiroen artean
Belaunzaranek hamar urte zituela ezagutu zuen 1936ko uztailaren 18az geroztik frankistek sortu zuten gatazka. Ezagutu ez ezik, sufritu ere gertu-gertutik egin zuen Ormazarretako familiak. Ez alferrik, baserri hori eta alboko Larburu, biak ere paraje pribilegiatuan daude kokatuta, panorama ezin bikainagoan noranahi begira herriz gero (Urnieta-Hernani aldera, kostaldera, mendialdera...), eta detaile horrekin ederki asko erreparatu zuten Errepublika defendatzen zuten abertzale eta ezkertiarrek nahiz haren kontra jo zuten kolpe zale militarrek. Era horretan, kanpamendu modukoak ezarri izan zituzten baserri inguruetan batzuk zein besteek, 1936ko abuztu-irailean Buruntzaldean eman ziren batailetan barrena.
Borroka aurrera joan ahala, frankistek Buruntza mendia abuztuaren 31n hartu zutenean, errepublikazaleek Santa Barbara gotorlekuan eta Onddi mendi-inguruetan jarri zituzten defentsa-lerroak, eta orduan gogortu ziren borrokaldiak Xoxoka-Goiburu aldean, eta Ormazarretan batik bat, bertan posizionatu baitziren frankistak. “Kanoikaden jaurtigai ugari ibili ziren alde batera eta bestera gure etxe aldean, eta ondoko zanga batean ezkutatzen ginen halakoetan”.
Belaunzaran familiaren gainetik airean pasa ziren jaurtigai horietako batek aparteko zer esana eman zien eskolaren ingurura iritsi zenak. “Santa Barbara aldetik etorri zen, eta Mainguanea baserriaren eta eskolaren artean egoten zen gaztainondo baten ipurdia jo zuen; eskerrak hari, ze lurra jo eta harrotu izan balu, desgrazia gehiago eragingo zituen. Hori bai, zenbait soldadu zauritu zituen, eta 30 bat mando akabatu. Mandoak lurperatu behar izan zituzten gerora, gure aitak-eta”.
Trantze larririk hartu gabe igaro zuten gerra-bolada hura belaunzatarrek, baina Joxek bereziki gogoan hartu nahi izan ditu Sabordegi baserriko bi ahizpak, “haien baserrian bete-betean jo zuen kanoikada batekin hil zen Anttoni Peñagarikano; Angela ahizpak, berriz, begia galdu zuen metrailarekin”.
Soldaduska, lau hankeko mandoekin
1936ko abuztu-irailean tiro eta kanoi-hotsen artean ibili izanari esker, gero soldaduskan ez zitzaion arraro egin hango parafernalia militar guztia: “Etxetik gertu, Irun, Orio eta Loiolan egin nuen soldaduska. Garraiorako erabiltzen zituzten mandoen artean ibili nintzen, haien bizkar kanoiak, munizioak, metrailetak... zamatze-lanetan”. Mandoen ostikoetatik urrun ibiliz gero, buruhauste handirik gabeko militarrez inguratutako bizialdia izan zuen hura".
Urnietan ekintzaile, kultur eta gizarte arloetan
Xoxoka-Goiburu auzoan errotutako mutila izanik, agudo eta berez ikasi zuen zenbatekoa den premiazkoa auzolana ongizate komunitarioaren mesedetan. Auzoko jaiak antolatu eta bertan xextra kutsuko kirol-ikuskizunetan protagonista izatea egokitu zitzaion, kuadrillen arteko apustuen eskutik batik bat. Trontzalaria izan zen, batik bat ikuskizun haietan. Ikusita dago egungo Xoxoka-Goiburu auzo-jaiekin erreparatuta, gauzak ez direla hainbeste aldatu. Belaunaldien arteko transmisioa dotore egin izanaren seinale.
Soldaduka atzean utzi eta hurrengo urtetan, auzoan ez ezik Urnietako gizarte eta kultur dinamiketan ere biziki parte hartu zuen horietakoa izan zen Joxe Belauntzaran. Iñistorra Urnietako Euskaltzaleen Biltzarrak eta Larramendi Bazkunak 2006an argitaratu zuten Urnietako Erretratu Zaharrak liburuari begiratua ematea besterik ez dago ideia bat hartzeko.
Bestalde, auzotik Urnieta herrira jaitsita ere, Belaunzaran han-hemen ibili zen, beretik zeukana emanez. Besteak beste, Jose Inazio Zugasti apaizaren gidaritzapean euskal kulturgintzan murgildu ziren Luistarren eta Mariaren Alaben mugimenduko kide izan zen; konparazio batera, Luistarrek aipatu apaizarekin Lurdesera egin zuten txangoko argazkian ageri da Belaunzaran (289 or.).
Euskal dantzaria ere izan zen, eta horren erakusle, 1951eko Sanmieletan ateratako argazki saila (130 or.), non herriko gazteak Jorrai-dantza egiten ageri diren San Juan plazan.
Auzolandegietarako ere prestatu izan zen boluntarioak eskatu izan zirenean herrian. Horrela jokatu zuen San Migel elizak konponketa behar zuela ikusi zutenean. “1956ko otsailean izugarrizko jelatea sufritu genuen Gipuzkoan, eta Urnietako basoetako pinudiak erreta geratu ziren. Horrek ekarri zuen Urnietako zilegi mendiak saltzea hurrengo urtetan. Diru-iturria ikustearekin batera, eliza konpontzeko erabakia hartu zen, auzolanaren bitartez. Besteak beste, gogor aritu ginen hainbat herritar ohol-zaharreko lurra aldatzen eta harrizko hormak garbitzen”.
Sagardogile Goikoetxe sagardotegian
Nahiz kide askoko familia-aita izan eta lantokietako jardunean atera bizibidea, baserrirako joera eduki izan du betidanik Joxe Belaunzaranek. Horrela, urtetan, Goikoetxe sagardotegian aritu zen, bertako sagastian eta kupeletan lanean. Gustura asko jardun zuen Angel Ikutza koinatu sagardogilearen laguntzaile gisa, sagardotegiak orain 25 bat urte ateak itxi zituen arte. “Goikoetxe izeneko sagar barietatea lantzen zuen sagardotegiak. Fama handiko sagardoa egiten genuen sagardozale ugarirentzat; tradizionala, naturala, txinparta handikoa zela esaten zuten”. Sagar barietate horrek badauka historia jakingarria, izan ere, aspaldian, Ameriketatik sagar aldaxka ekarri zen barkuan, patatan batean sartuta egun askoko bidaian iraun zezan. Bada, kimu hura hemen txertatu, eta halaxe sortu zuten barietate preziatua.
Ehiztari, eskopetarekin zein sardexkarekin
Ehizarako zaletasun handia eduki duen pertsona izan da Joxe Belaunzaran. Lagun-giroan jardutea izaten zuen gogoko, sasoia zeukanean, eta Urnietako Erretratu Zaharrak liburuak jasotzen duen 1955eko argazkiak isla dezake joera hori. Hain zuzen, Andoain, Oiartzun eta Urnietako ehiztari kuadrilla ederra bildu zen egun hartan, Nafarroa aldera basurdetara joateko. Lau basurde ehizatuta itzuli ziren, eta Bentan egin zuten partiketa. Argazkilari baten aurrean jarri ziren lehendabizi, beraientzat egun gogoangarria zenaren konstantzia uzteko.
Dena den, baserrian jaio, hezi eta hazi den aldetik, ehizarako grina hori baserri-soroan ere garatu izan du; eta ez nolanahi, eskopetarekin baino gehiago, berak propio egindako sardexkarekin baizik! Jakina da satorrek eta sataginek nekazaritzara bideratutako soroetan eragiten dituzten kalteak. Lur azalean zulo-bideak egiten eta landareen sustraiak jaten, mozten edo ipurditik ateratzen espezialak izaten dira ugaztun txiki horiek. Bada, Belaunzaranek sardexka moduko erreminta bat sortu zuen karraskari horiei aurre egiteko. “Harekin harrapatzen nituen soroan pazientzia ikaragarriarekin. Baserriko katuek bazekiten zertara joana nintzen sorora, eta ondoan zain egoten ziren, nik noiz harrapatuko bat nik haiei botatzeko; sataginak izaten zituzten jateko gogoko, satorrak baino gehiago”.
Joxek ondo ikasi zituen bi ugaztun horien ohiturak. ”Satorra goizean goiz hastekoa izaten da, eta gero eguerdian erretiratu egiten da; arratsaldean ekiten dio lur-zulaketari eta pilaketari berriro. Satagina, berriz, egun osoan aritzen dira gaixtakerietan”.





