“Mobilizazioa da pentsiodunen mugimenduaren eskaerak lortzeko bermea”, pentsiodunen hitzetan

Aiurri 2026ko otsailaren 24a

Pentsio duinen aldeko aldarrikapen historikoari eutsi zioten Donostian larunbatean egin zuten manifestazioan

Pozik agertu ziren pentsio duinen alde Goikoplazan hamabostero biltzen diren herrikideak atzo, izan ere, baieztatu ahal izan baitute Kongresuaren hurrengo bilkuran gobernuak onartutako Lege Dekretu berrian jasotzen den pentsioen igoeraren berrespena bozkatuko dela. Genero-arrakala ere hizpide izan zuten bilkuran (hitzartzea bideoz, behean).

“Mobilizazioa da pentsiodunen mugimenduaren gure eskaerak lortzeko bermea” adierazi zuten Goikoplazako bilkuran.

Hain zuzen, urte honetarako pentsioak behin betiko birbaloratzea hori izan zen Donostian eta Bilbon joan den larunbatean egin zuten manifestazio banan oihukatu ziren aldarrikapenetako bat.

 

Soldata berdintasuna, hizpide

Joan den igandean, otsailaren 22arekin, Gizonen eta Emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko Europako eguna izan zen, eta horren harira, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) egin duen salaketa izan zuten hizpide Andoaingo Pentsiodunek modu berezian, Goikoplazan.

Genero-arrakalak desberdintasunak sortzen jarraitzen duela, bai soldatetan, bai pentsioetan, adierazi zuten lehenbiziko eta behin. Datu zehatzak jakinarazi zituzten kritika hori egiteko: “INEk (Espainiako Estatistika Institutua) argitaratutako 2023ko azken datuen arabera, arrakala hori % 18tik gorakoa da Euskal Autononia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroa da lurralde kaltetuena, % 20ko arrakala baitu. Estatuko genero-arrakala % 15,7koa da. Desberdintasun hori argi eta garbi islatzen da garbiketa bezalako sektoreetan: nahiz eta zereginak antzekoak izan, kale-garbiketan (maskulinizatua) eraikinetakoan (feminizatua eta prekarizatuagoa) dihardutenak baino % 20tik gorako soldatak jasotzen dira”.

Pentsioen arrakala “prekarietateak, behin-behinekotasunak, ezkutuko ekonomiak eta zainketengatiko etenaldiek markatutako lan-ibilbideen ondorio zuzena” dela eta, gehienbat emakumeei eragin diela gaineratu zuten. “2025eko abenduaren 31n, EAEn, Erregimen Orokorrean dauden emakume jubilatuek gizon jubilatuek baino ia 650 € gutxiagoko batez besteko pentsioa dute (ia % 28ko arrakala); Nafarroan, aldea ia 700 €-koa da, ia % 32ko arrakala izanik. 2024 urtearekiko, murrizketa oso txikia izan da: 0,43 EAEn, eta 0,34 Nafarroan”.

Datuekin sakontzen segi zuten, “iaz, EAEn, emakumeak gizonen ia bikoitza izan dira kotizazio gabeko pentsioak dituztenen artean, eta Nafarroan, %: 69 dira. Gainera, 65.000 emakume pentsiodun baino gehiago daude LGS lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik”. Hain zuzen, genero arrakala murrizteko neurri eraginkorrak eskatzen ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, eta gogoratzen du “milaka pertsonek babesturiko bi Herri Ekimen Legegileak baztertu di gutxieneko pentsioa LGSarekin parekatzea proposatzen zuena eta 1.500 euroko LGS propioa eskatzen zuena”.

Azkenik, Andoaingo Pentsiodunek 17ko greba orokorra babesteko deia egin zuten Goikoplazan, “honako helburuak dituelako jomugan: LGSaren (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) pareko gutxieneko pentsioa, banakako osagarria EAEn eta Nafarroan, LGSaren aren azpitik dauden pentsioetarako; Soldata eta pentsioetan dagoen genero-arrakalaren aurkako egiturazko neurriak”.

Gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsio publikoak eta bidezkoak defendatu behar direla gogoratuz amaitu zuten elkarretaratzea Goikoplazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!