Lan gatazka, enpresa itxiera eta lan kaleratzeen aro batean sartuta gaude bete-betean eta horren atzean, besteak beste, inbertsio funtsen eta enpresari handien interesak ezkutatzen dira. Izan ere, krisi garaiotan kapitalistek langileon lan eta bizi baldintzak kazkartuz handitzen dituzte beraien irabaziak. Horregatik, greba orokorrean oligarkiaren eta kapitalismoaren izateko arrazoiak jarriko ditugu jopuntuan. Burgesiaren esku pribatuetan dagoen aberastasun horren guztiaren sozializazioa baita guztion ongizaterako baldintza.
Greba orokorrak langile klasearen pobretze egoera erdigunean jartzearekin batera, egungo estatuen bilakaera autoritarioa seinalatzeko ere balio behar du, bi fenomenoak estuki lotuta baitaude. Funtsezkoa da Europar Batasunaren gisako instituzio kapitalista eta autoritarioen mandatuei aurre egitea. Besteak beste, aurrekontu militarretara bideratzen ari diren dirua langile klasearentzako zerbitzuak murriztetik ateratzen baita. Euskal Herria ez da uharte bat, ezin dugu ahaztu borroka esparrua Europar Batasunaren aginteak ezarten duela, batetik, eta Europako aberastasuna bere posizio inperialistak sostengatzen duela, bestetik. Horrek borroka molde eta egiturak birdefinitzea galdegiten digu, langile klasearen independentzia ardatz izanda.
Gutxien kobratzen dutenen soldatak igotzeko borroka ere garrantzitsua da. Langile klasearen pobretzea bizitzaren garestitzearekin, zerbitzuen murrizketekin eta lan eredu prekarizatuekin lotuta dagoen testuinguru honetan, langile klasearen bizi baldintza unibertsalak aldarrikatu behar ditugu kapitalisten irabazien sozializazioaren kontura. Langile klasearen batasun politikoa erdiestera bidean bizi baldintzen goranzko ekiparazioa, batetik, eta berdintze horren dimentsio internazionala, bestetik, oinarrizko elementuak dira. Klase borroka hedatzea beharrezko elementua da Europar Batasunaren zein faxismoaren nazioarteko oldarraldiari aurre egiteko, eta hori erdiesteko guztiontzako kalitatezko bizi baldintzen alde lan egitea aurrebaldintza da.
Beraz, kapitalaren aurka greba orokorra antolatzeko arrazoirik ez da falta. Hala ere, kezkaz bizi dugu azken urteetan zabaltzen ari den greba eredua: sindikatuen zuzendaritzek beraien artean adostu eta ondoren langileok grebara deitzen gaituzte. Gisa honetako deialdiek langile klasearen zati handi batean nahasmendua eta desatxikipena eragiten dute, ez direlako greba antolatzeko prozesuaren parte aktibo. Guk uste dugu greba orokorrek langile klasearen antolakuntza eta erabakimena hedatzeko balio beharko luketela eta horregatik, berau deitzean zein grebaren emaitzetaz eztabaidatzean, langile mugiendu antolatuak zeresan handiagoa izan beharko lukeela.
Langile klasea subjektu iraultzaile gisa ardaztea dagokigu, bera baita langileon pobretzeari aurre egiteko gai izango den gehiengo bakarra. Horretarako hainbat baldintza bete behar ditugu:
- Langile klaseak nazioarteko indar antolatua bihurtu behar du kapitalismoaren basakeriei neurri berdinean erantzuteko. Europar Batasunaren agenda militaristari eta horren ondotik etorriko diren murrizketa planei, edota enpresa itxierei eta lan kaleratze masiboei.
- Langile klasea borrokan heztea da eginkizuna, eta greba egunek horretarako tresna izan behar dute. Martxoaren 17an langileen artean borrokarako grina hedatzeko ekarpena egingo dugu.
- Langile klasea ideologikoki hezitzearen garrantzia azpimarratu behar dugu. Horretarako etsaiak zein diren argi edukitzea ezinbestekoa da, baita egoera honi aterabidea zein den etengabe azpimarratzea ere. Etsaia langileoi bizitza ezinezkoa egiten digun kapitalismoa da, eta aterabidea estatu sozialista baten eraikuntza da, kapitalismoaren gaindipena, alegia.
"Greba orokorra langile klasearen batasuna aldarrikatu eta kapitalismoari kritika erdigunean jartzeko egun gisa erabiliko dugu. Horretarako, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eduki hau jasoko duten mobilizazioak bultzatuko ditugu"
