Ospitale berria Tolosako Larramendiko muinoaren hego-ekialdean dago, Usabal kiroldegitik eta suhiltzaileen parketik gertu. 8.445 metro koadroko lursaila baliatuko dute eraikina altxatzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak ohar bidez zabaldutakoaren arabera, "helburua da irtenbide integral bat lortzeko aurrera egiten jarraitzea, eskualdeko pazienteei arreta hurbila eta kalitatezkoa bermatzeko, kontuan hartuta biztanleria gero eta nagusiagoa dela eta osasun-premia konplexuak dituztela".
Donostialdeko ESIaren mende egongo den ospitale publikoa
Kirurgia-prozedurak egiteaz gain, prozedura diagnostikoak eta proba osagarriak egiteko erreferentea izango da Gipuzkoako lurraldean. Ospitale berriak honako zerbitzu hauek izango dituela iragarri dute:
- Kanpo-kontsultak 50 gela izango ditu hainbat espezialitateko kontsultak eta proba funtzionalak egiteko, eta hiru prozedura-gela kirurgia txikiak eta sedazioa behar duten beste praktika interbentzionista batzuk egiteko.
- Erradiodiagnostikoa: Ortopantomografo bat, 2 ekografia-gela, erradiologia konbentzionaleko gela bat (X izpiak), erradiologia espezializatuko gela bat (teleagintea), ordenagailu bidezko tomografia-gela bat (OT) eta erresonantzia magnetiko bat izango ditu.
- Kirurgia Unitatea: 4 ebakuntza-gela balioaniztun, horietako bat izan ezik, oftalmologiarako soilik erabiliko baita, eta anestesia osteko suspertze-unitate bat –azken horrek 7 ohe eta 22 besaulki izango ditu–.
- Endoskopia Unitatea: 2 endoskopia-gelekin.
- Eguneko Ospitale Medikoa: 4 box izateko gaitasunarekin eta ospitalizatutako pazienteei zuzendua.
- 3 Ospitalizazio-Unitate: akutuen unitate bat, egoera berezietan dauden (gripea, isolamenduak eta abar) akutuen unitate bat eta egonaldi ertaineko/susperraldiko hirugarren unitate bat. Unitate bakoitzak 30 oheko gaitasun maximoa izango du. Guztira, 90 ohe izango ditu.
- Errehabilitazio Zerbitzua: Hemen, Egonaldi Ertaineko / Eriondoko Unitatean ospitalizatutako pazienteen beharrei erantzungo zaie, hau da, hauskortasun-maila askotarikoa dutenei eta funtzionalitatea errehabilitazioaren bidez hobetu behar dutenei.
- Larrialdietako Zerbitzua: Bizkorketa-gela bat, triajea, lau kontsultategi izango dituen eremu anbulatorioa eta 8 boxerako gaitasuna duen behaketa-eremu bat izango ditu.
- Laborategia: Larrialdietatik eta ospitalizazio-unitateetatik eratorritako beharrei erantzungo die.
- Farmazia Zerbitzua: Azpiegitura berrian ospitalizazioak eta larrialdiak egoteak farmazia-zerbitzu bat izatea eskatzen du.
- Etxeko Ospitalizazioa:
- Larrialdietako basea: anbulantzietarako aparkalekuarekin eta langileentzako eremuarekin.
- Zerbitzu Orokorrak.
Ospitale publiko berrian aurreikusitako espezialitateei dagokienez, hauek izango dira: Digestio-aparatua, Dermatologia, Endokrinologia, Ginekologia eta obstetrizia, Neurologia, Errehabilitazioa, Pneumologia, Alergologia, Kardiologia, Hematologia, Barne Medikuntza, Erreumatologia, Anestesiologia, Kirurgia Orokorra, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Traumatologia eta Urologia.