Ostiral honetan, martxoaren 6an, egun osoan zehar egingo da azoka; larunbatean, martxoaren 7an, berriz, goizez jarraituko du ekimenak. Parte hartzen duten saltokietan hainbat arlotako produktuak jarriko dituzte beherapenean: moda, oinetakoak, kirola, optika, loreak eta bestelakoak.
Antolatzaileen arabera, ekimenaren helburu nagusiak neguko beherapenen azken txanpari amaiera ematea, tokiko merkataritza sustatzea eta herriko dendetan erostearen garrantzia azpimarratzea dira. Era berean, herritarrei kalitatezko produktuak prezio berezietan eskuratzeko aukera eman nahi diete.
Aurten, gainera, berrikuntza bat izango du azokak: erosketak egiten dituztenek hainbat sariren zozketan parte hartu ahal izango dute. Besteak beste, erosketa-txekeak, gosariak, sagardotegietako bazkariak eta landetxe bateko egonaldia zozkatuko dituzte.
Urtez urte sendotzen ari da Stock Azoka herriko merkataritza egutegian, eta antolatzaileen ustez aukera paregabea da herriko kaleei bizia emateko, tokiko ekonomia indartzeko eta merkatariek egiten duten lana balioan jartzeko. Horregatik, herritarrak animatu dituzte ostiral eta larunbat honetan herriko dendetara gerturatzera, eskaintzak aprobetxatzera eta tokiko merkataritza babestera.
Aurtengo edizioan honako 16 establezimendu hauek hartuko dute parte: Boutique MP, Eizmendi Kirolak, Villabona Optika-Audiologia, Galerías MJ, Zubimusu, Bronte Optica, Amane, Duna Oinetako eta Osagarriak, Garazi Loradenda, Garintza mertzeria, Lider, Ugalde Oinetakoak, Kaori&Amlu, Minimarket JC, Ane denda eta Loradenda Gema.