Eusfera egitasmoa aurkeztuko dute Tolosaldean, haurren ingurua euskalduntzen laguntzeko

Aiurri 2026ko martxoaren 4a

0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei zuzendutako Eusfera egitasmoa udaberrian jarriko dute martxan, haurren ingurua euskaldunagoa izan dadin. Egitasmoa Tolosaldean aurkeztu eta antolatzeko, bilera irekia egingo dute martxoaren 11n Tolosan.

Bilera Galtzaundi Euskaltzaleen Elkartearen egoitzan izango da (Plaza Berria 1, Tolosa), arratsaldeko 18:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, eskualdeko ikastetxeetako eta guraso elkarteetako ordezkariei ez ezik, interesa duen herritar orori zabalik egongo da saioa.

Eusfera egitasmoaren helburua haurren ingurua, hau da, haien eguneroko “unibertsoa”, euskaldunagoa izaten laguntzea da. Horretarako, familiei baliabide eta tresna ezberdinak eskaini nahi dizkiete, eta euskaraz gozatzeko elkarguneak sortu.

Egitasmoak bi norabidetan eragin nahi du: alde batetik, dagoeneko euskararen erabilera indartzeko pausoak ematen ari diren familiei baliabide eta espazio berriak eskaintzea; bestetik, bide horretan hasi nahi dutenentzat abiapuntua ematea.

Ekimenak 0 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoei edo guraso rola betetzen duten helduei egiten die dei, euskaraz jakin ala ez.

Informazio gehiago

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!