KORRIKA

“Euskara ez da muga bat, kohesiorako tresna baizik”

Lide Ruiz Telleria 2026ko martxoaren 9a

Gipuzkoako eta Tolosaldeako Korrika koordinatzaileak dira Amaia Arruti Arze eta Xabier Etxaniz Bujanda

Martxoaren 19an abiatuko da 24. Korrika. Atharratzen hasi eta Bilbon amaituko da, 10 egunen ostean. Aurtengo edizioa berezia izango da, 45 urte baitira lehenengoa ospatu zela. Amaia Arruti Arze eta Xabier Etxaniz Bujanda Gipuzkoako eta Tolosaldeako Korrika koordinatzaileak dira

Hilabete eskas falta da Korrika abiatzeko, antolakuntzari dagokionez, ze xehetasun falta dira? Urduritasuna antzematen duzue?

Xabier Etxaniz Bujanda. Batzordearen lanari esker datuak aztertzen ari gara, eta esango nuke, ia ibilbide guztia menperatua dugula. Hala ere, eragile batzuek egingo duten ekarpena zehaztu behar digute, hori amaitzean erreferentziak esleitzen hasiko gara, lekuko-hartzeak betetzeko. Geroz eta gauza gutxiago falta zaizkigu, baina oraindik Korrikako egunean antolatuko diren ekintzen egitaraua zehazteke dago. Korrika txiki gehienak, bestalde, lotuta daude dagoeneko.

Antolakuntzaren kasuan, ze harreman dago herri batzorde eta Gipuzkoako koordinatzaileen artean?

X.E.B.: Nire kasuan, eskualdeko koordinatzailea naiz eta herrien arteko koordinazioan aritzen naiz. Horretarako, aintzat hartzen ditugu Gipuzkoako zein maila nazionaleko koordinatzaileek jarritako irizpideak, eta garrantzitsua da horiek ezagutzea. Adibidez, aurtengo edizioan “kilometroak” kontzeptua baztertzen hasi dira, horren ordez, lekukoen esku-hartzea kontzeptua bultzatu dute. Zentzu horretan, gure ardura da aldaketa hori jakinaraztea. Horretarako, batzordeetan bilerak eta batzarrak egiten ditugu, bai maila nazionaleko zein lurraldeko irizpideak azaltzeko. Sor dakizkieken zalantzak argitzeko, Gipuzkoako arduradunarengana jotzen dugu. Hein batean, zubi-lana egiten dugu, eta antolakuntzatik zehazten dutena eragileek egiten duten ekarpenarekin uztartzen saiatzen gara.

Amaia Arruti Arze: Hori da, aipatutako aldaketei dagokienez, aurrez 'kilometroak' saltzen ziren, baina kasu gehienetan ez zirenez 1000 metroetara heltzen, erabaki genuen “lekuko hartze” kontzeptua erabiltzen hastea. Oraindik jende gehienak ez du lekukoaren kontzeptua txertatu, baino AEKtik aldaketa hori bultzatzen ari gara.

X.E.B.: Tolosaldean adibidez, ondo hartu dute aldaketa. Eragile askok parte hartu nahi du, eta ulertu dute eragile bakar batek ezin duela kilometro oso bat egin.

A.A.A.: Bestetik, Gipuzkoako eskualde guztiak ere batu egiten dira zenbait ideia partekatzeko, eta bilera horietan asko aberasten da eskualde zein herri batzordeen lana. Bilera horiek baliagarriak izaten dira ekarpen eta ideia berriak martxan jartzeko.

Batzordeen kasuan, zerk ematen du lan gehien antolakuntzan? Kilometroen antolaketak, erosketak...?

X.E.B.: Lan nekezik ez dago, gakoa koordinatzea da. Herriko batzordeko ordezkariak eragile asko koordinatu behar ditu, eta eragile askok lan orduetatik kanpo funtzionatzen dute. Zentzu horretan, batzordeetako kideek lan handia egiten dute antolaketan; lekukoa eskualdatzea, eragileen parte-hartzea, antolatutako ekintza kulturalak, Udalaren finantzaketa… Nire ustez, herri bakoitzeko parte-hartzea kudeatzea da lan gehien ematen duena. Hala ere, ez da lan nekeza, batzordeetako kideek jarrera proaktiboa baitute.

Dagoeneko prest al dago lekuko barruan eraman ohi den mezua?

A.A.A.: Ontzen ari da mezua. Euskal Herrian zaila izaten da sekretuak gorde ahal izatea, baina hori nahiko ongi mantentzen da. Badakit egiten ari direla, baina Bilboko azkeneko kilometrora iritsi arte ez dugu jakingo ez mezuan zer jartzen duen, ezta egilea zein den ere.

Aurten Korrika Andoain eta Urnietatik gauean igaroko da, umeen parte-hartzea bultzatzeko beste ekimenen bat antolatuko al da egunean zehar?

X.E.B.: Bai, hori da zehazteke duguna. Baina bai, Andoainez gain, Urnietan, Villabonan, Asteasun eta Zizurkilen egunean zehar hainbat ekintza antolatuko dira, besteak beste; Korrika txikiak, herri kirolak, tonbola musikatuak. Seguruenik ume gehienak ez dira gauerdira iritsiko, beraz, egunean zehar ekintzak antolatuko ditugu umeek ere Korrikaren oroitzapen ona izan dezaten.

Aurreko edizioetan ikusi denez, Korrika gauean igarotzen denean abiadura handian joaten da. Aurten ere azkarra izango dela aurreikusten duzue?

A.A.A.: Berez, kilometro bakoitzak 6,5 kilometro orduko abiaduran joan behar du. Baina, egia da bidean ezustekoak gertatzen direla, eta zati batean denbora galdu bada, besteetan aurreratzen dela. Gauetan jende gutxiago joaten denez, kilometro horiek galdutako denbora berreskuratzeko erabiltzen ditugu.

X.E.B.: Hala ere, lekukoa hartzean furgonetarekiko distantzia betetzea eskatzen dugu, izan ere, azkarrago joan nahi izaten duen jendea ere badago.

Korrikako lehenengo edizioekin alderatuta, zein desberdintasun eta antzekotasun identifikatzen dituzu?

A.A.A.: Desberdintasunak oso handiak dira, antzekotasunak tamalez aldarrietan identifikatzen ditugu, izan ere, lehenengo ediziotik asko ez dira aldatu. Bestalde, desberdintasunak ere badaude, Oñatin 1980an hasi ziren “Zoro zoragarri” horiek dena zuten egiteko, ez zekiten bidean zer aurkituko zuten, eta babes soziala ez zen orain dena. Gerora, jende andana batu da Korrikara, eta egun, babes soziala ikaragarria da. Lekukoen esku-hartzeetan adibidez, ez dago ia tokirik. Alor teknikoari dagokionez, orain dena zehaztuagoa dago, gerta daitezkeen ezustekoak errazago aurreikus ditzakegu, eta dena askoz lotuagoa dago.

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 688 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!