Alkizako udaletxeko ganbaran egin dute Aiztondoko Antzerkialdiaren aurkezpen ekitaldia. Bertako alkatea den Iñaki Irazabalbeitiak eman dio hasiera ekitaldiari, bertaratutako guztiei ongi-etorria eginez. "Koldobika Jauregik esaten zuen herri txikiok badugula kulturarako eskubidea; kultura egiteko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Hain zuzen, Antzerkialdiak aukera hori ematen digu". Duela lau urte sortu zen Antzerkialdia eta, urtez urte haziz joan da: "Alkiza ez zen sorrera hartan egon, eta bertan aritu zinetenok bete-betean asmatu zenuten. Aukera emanten digu herritarroi lehen mailako antzerkia herrira ekartzeko. Alkarlanaren aterkiak laguntza ematen digu ekimen ezberdinak ekartzeko".
Kristina Rodriguez, Adunako alkateak azpimarratu duenez, "Antzerkialdiak ikusgarritasuna ematen digu". Jarraian, herrian izango duten eskaintza azpimarratu du: "Ostiralean bertan ekingo diogu, 'Igogailu batean amaitu zen mundua' helduentzako ikuskizunarekin eta datorren astean, martxoak 16, haurrei zuzendutako 'Pullcinela txio txinela', umeentzako ikuskizuna izango dugu. "Antzerkialdia oso garrantzitsua da guretzat, herritarroi elkartzeko aukera ematen digulako".
Asteasuko alkate, Larraitz Alkorta ere agerraldian izan da: "Asteasun gazteenen begiradak eta irudimena elikatu nahi ditugu bereziki, eta hiru emanaldi izango ditugu. Martxoaren 12,13 eta 16an izango ditugu emanaldiak. Herri gaztea da Asteasu eta guretzat bikaina da; irudimena lantzeko eta gaztetandik kulturarekiko harremana eta lotura sortzeko".
Larraulgo zinegotzi den Pili Kortajarenak ere hartu du hitza Antzerkialdian zehar Larraulen izango den eskaintzaren inguruan aritzeko: "Martxoaren 10ean Maitane Perezek 'Basoaren zaindaria' izango da eskolan, martxoaren 18an berriz ,maitasun eta askatasun istorioa biziko dugu, herriko haurrek eskainiko duten 'Ez Romeo ez Julieta' antzezlanari esker. Bi antzezlanak eskolan eskainiko baitira ere, ateak zabalik izango dira. Kulturarekiko interesa piztea da gure iparra".
Izarne Zelaia Zizurkilgo zinegotziak aipatu duenez, "zerrenda luze-luzea dugu Zizurkilen, formatu guztietako lanekin. Liburutegitik plazaraino espazio guztiak betetzea izan da helburua, eta antzerkiaren magia hori herri osoan zabaltzea". Zizurkilgo egitaraua azaldu du jarraian.
Alkizako alkateak, kultur teknikariei eskerrak emanaz itxi du agerraldia: "Haiek egindako lanari esker atera da aurrera Antzerkialdia, eta eskerrik asko".
